Astekaria

Hondakinen bereizketa egokia sustatzeko jokoa Sakanan

Guaixe 2021ko abe. 27a, 09:17

Nafarroako Birziklatze Zentro Birtuala. SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Nafarroako Birziklatze Zentro Birtualak bere ibilbidea ibarrean hasiko zuen atzo. Zentro hori errealitate birtualeko betaurrekoetan jantzitako joko bat da, haren bidez birziklapenari buruz ditugun ezagutzak proba daitezke.

Sakana hondakinen gaikako bilketaren aitzindari da. Ibarrean birziklatzeko zaleak garela erakusteko Nafarroako Birziklatze Zentro Birtuala ibarrera ekarri du Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuak. Joan den astean Altsasun egon ondoren, Etxarri Aranaztik eta Irurtzundik pasako da orain. Zentro hori errealitate birtualeko joko bat da, adin guztietara egokitzen dena. Haren bidez parte hartzaileak birziklatze planta batean sartuko dira, hango garraio zinta parean kokatuko ditu. Bere paretik pasatzen diren hondakinak dagokien edukiontzietara botatzean datza jolasa. Hori azkar eta ongi egin behar da.

Partaide bakoitzak asmatze kopuruaren arabera puntuazio bat lortuko du eta sailkapenean sartuko da. Birziklatzeak saria izanen du eta joko guztietan bezala, ikaskuntzaz aparte sariak ere egonen dira. Parte hartzeagatik opari bikaina eskuratuko da, eta, gainera, zenbat eta hobeto eginez gero, aukera gehiago izanen dira sari handienetako bat irabazteko. Sari horien artean patinete elektrikoa dago. Gainera, parte hartzaile bakoitzak asmatutakoen eta akatsen informazioa jasoko du hondakinen bereizketan hobetzeko. 

Hondakin Zerbitzuko hezitzaile Amaia Okariz Ormaetxeak gogorarazi duenez, “hondakinik onena sortzen ez dena da. Bizi dugun klima larrialdi honetan erantzukizunez jokatu behar dugu”. Ibarrera halako ekimenak ekarrita sakandarrak sentsibilizatu nahi dituzte, “ikus dezaten hondakinak ongi bereiztea duen garrantzia, ongi birziklatuta baliabideak optimizatu daitezkeelako. Kontsumo arduratsuagoa egin behar dugu, eta hondakinak ongi bereizi hobeto birziklatzeko”.

Simulatzaile hori Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoak sustatu du, Ecoembes, Ecovidrio eta Produktu-sortzailearen Erantzukizun Hedatuko Sistema Kolektiboen (Ambilamp, Ecotic, ERP, Ecolec, Ecoasimelec, Ecofimática y Ecolum), laguntzarekin. Jolasaren sorkuntzan Nafarroako Ingurumen Kudeaketa elkarte publikoak laguntza teknikoa eskaini du.

Eta aplikazioa 
Birziklapenaren Zentro Birtuala, Birziklatzeko zaleak, halakoxeak gara Nafarroan kanpainaren barne dago eta BirziklApp aplikazioaren osagarria da. Hura indartu nahi du. Haren bidez edukiontzi bakoitzean zein hondakin mota bota behar diren jakin daiteke. Hau da, hiritarrek birziklatzerakoan dituzten zalantzak argitzea du helburu. Duela sei urte martxan jarritako BirziklApp aplikazioa berriki eguneratu dute, produktu eta edukiontzi berriak gehituz; horrela erabiltzaileendako praktikotasuna hobetu dute.

Egutegia

  • Abenduak 27, astelehena 
    16:30etatik 20:30era Etxarri Aranazko liburutegian. 

  • Abenduak 28 eta 29, asteartea eta asteazkena
    16:30etatik 20:00etara Irurtzungo liburutegian.