'Bideak'-en bide berriak

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abe. 28a, 12:00
Iker Uribe eta Joana Ziganda 'Bideak' ipuinaren aurkezpenean Durangoko Azokan. UTZITAKOA

Dokumentala oinarri hartuta, izen bereko ipuin eta bertso sorta aurkeztu dute. Joana Zigandak istorioa idatzi du eta Iker Uribek ilustrazioak sortu ditu. Besteak beste, Eneko Lazkoz bertsolariak parte hartu du ere

Arruazutik Izabara bidea egin zuen Aritz Ganboa de Miguel artzain arbazuarrak, mendien artean, aitonen herriak elkartuz. Bideak dokumentalean erronka jaso zuen Xabier Unanua Goikoetxea irurtzundarrarekin egindako proiektuan. Hasieratik egitasmoak "ibilbide bat" izanen zuela eta Durangoko Azokara iritsiko zela azaldu du Ganboak. Dokumentala 70 bat herritan aurkeztu dute, nazioarteko jaialditan sailkatua izan da, eta proiektuan zehar "planifikatuta ez zeuden gauzak" atera ziren: "Jendearekin dokumentala partekatuz hausnartzera eraman genuen jendeari gustatzen zitzaiola, baina publikoaren zati bati ez zitzaiola iristen: haurrak". Aritz txiki baten istoriotxo bat kontatzen hasten ziren.

Baloreak Baina publikoaren zati horri dokumentalak erakusten dituen baloreak behar bezala ez iristeak "publiko guztiaren artean hausnarketa partekatzeko beste formatu bat" behar zuela izan pentsatu zuten. Haurrei begira istorio bat sortu behar zuten, "eta beste sorkuntza prozesu bat" behar zuen ere. "Ordura arte ikus-entzunezkoa eta musika erabili genuen, eta hemendik aurrera ilustrazioa eta narrazioa izanen ziren". Bideak ipuina, ez da liburu normal bat. Bertsoaren bidez ere istorioa kontatu zitekeela pentsatu zuten, eta Euskal Herriko hamahiru bertsolarirekin hitz egin zuten: Eneko Lazkoz etxarriarra, Mixel Aire, Onintza Enbeita, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Joanes Etxebarria, Elixabet Etxandi, Ruben Sanchez eta Imanol Lazkano. Narrazioa Joana Ziganda Olanok idatzi du eta ilustrazioak Iker Uribetxeberria Garmendiak sortu ditu.

Liburuak dokumentalak kontatzen duena kontatzen du. "Filmak gure mendialdea zeharkatu du, eta mendialde horretan izan ginena, izan garena eta izan nahi dugunaren inguruko hausnarketak agertzen dira; ondarea eta landa eremua eta bertako kultura agertzen zaigu. Horren beharraz hitz egiten da". Liburuan ere mendi zeharkaldi bat agertuko da, baina istorioa pixka bat aldatzen dela azaldu du Ganboak. "Baina pertsonaia berdinak agertzen zaizkigu, pasarte berdinak agertzen dira ere, baina beste lengoaia batean; beste begirada batekin".

"Oso gauza bitxia eta polita" izan da bere burua marrazki batean bihurtuta ikustea. Lehenengo aldiz Joana Zigandak eta Iker Uribetxeberriak aurretik sortutako istorio batean oinarrituta ipuin bat sortu dute. Aurretik sortutako ipuinak haiek sortutako istorioak izan dira. "Feedback oso polita dugu bion artean eta istorioari forma ematen diogu. Kasu honetan desberdina izan da". Dokumentala ipuin bihurtu behar zutela esan zieten eta erronka bat izan dela azaldu du Uribek, "istorioa sortuta dagoelako eta horri ipuin forma eman behar genion". Zigandaren lana azpimarratu du ilustratzaileak. "Magikotasun puntu hori eman dio ere". Ipuina egiteko dokumentala "aldi dezentetan" ikusi dute eta Unanuak eta Ganboak "zenbait baldintza" jarri zituzten, esaterako, bertsolarien karikatura agertzea nahi zuten ere.

Durangoko Azoka
Bideak ipuina Durangoko Azokan aurkeztu zuten Zigandak eta Uribetxeberriak. Ganboak eta Unanuak proiektuaren salmahaia jarri zuten Landakogunean ere. "Ongi eman zitzaigun, baina kontuan izan behar da ez zela Durangoko Azoka normal bat izen". Normalean 100.000 bisita baino gehiago dituen azokak, aurten 25.000 bisita izan zituen edukiera mugatua zuelako. Aurretik txanda hartu behar zen ere. Dokumentalaren DVDa eta ipuina batera saltzen zuten, eta dagoeneko saltzen dute Sakanako zenbait puntutan: Irurtzungo Martxueta eta Pikuxarren, Arruazuko Ostatuan, Lakuntzako Tximonenan eta Ogiberrin, Etxarri Aranazko Kaxetane ta Altsasuko Arkatz eta Liburunda liburudendetan.

"Inflexio puntu bat" izan da Durangoko Azoka. "Ordura arte bidea gure eskutik joan da, eta dokumentala ikusi nahi zuenak gurekin kontaktatu behar zuen. Orain edozeinek eskuratu dezake, bakoitzak bere bidea emanen dio". Formatu desberdinak dituenez, "denek izanen dute horri buruz hitz egiteko eta hausnartzeko aukera". Pertsona eta auzo bakoitza "erabiltzeko libre" dela aipatu du Ganboak.

Dokumentalaren filosofiari jarraituz, "eta behar komunikatiboari jarraituz", baloreak gizartearazten jarraitzen du Ganboak: "Biba zuek ETBko leiho horretatik Bideak dokumentalean agertzen dena egunero plazaratzen dugu". Etorkizunean helburu berdinarekin proiektu gehiago sortzen badira ez dituztela ateak ixten esan du arbazuarrak, "ezta zabaltzen ere".

Bideak Euskal Herriko 70 bat herritan aurkeztu dute eta nazioarteko zenbait jaialditan sailkatua izan da. Sariren bat irabazi dute ere. "Oso pozik gaude". Poz horren barruan aurten Mendifest-en sailkatuak izan dira ere, "justu Durangoko Azokarekin batera" egin zela. "Aurten lan asko kanpoan gelditu dira, eta oso pozik gaude bertan egon izanagatik".