COVID-19ak eragindako egoera kontuan hartuta, presoen eskubideen alde urtero Bilbon egiten den manifestazio jendetsua bertan bera utzi du Sarek. Horren ordez, Hego Euskal Herriko herrietan kontzentratzera deitu du. Herrietako elkarretaratzeen bidez Sarek bi aldarrikapen plazaratu nahi ditu. Batetik, “nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude oraindik, eta gradu progresioa blokeatuta dute, eta, ondorioz, presoek ezin dute egin etxera itzultzeko prozesua”. Bestetik, salatuko dute, atzera ere, pandemiak eragin zuzena duela presoengan eta haien senideengan. “Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak”.
Sarek “inoiz baino beharrezkoago” ikusi du euskal presoen eskubideen aldeko “aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea”. Herriz herrietako kontzentrazioekin batera, gaur goizean, Sarek ekitaldia antolatu du Euskalduna Jauregian. Han ordezkari politiko, sindikal eta sozialak elkartuko dira. Ekitaldiari hasiera emateko, mahai inguru bat eginen da, ETA, GAL eta poliziaren indarkeriaren biktimekin.
Sareren herriz herriko deialdiak | ||
Herria | Ordua | Tokia |
Altsasu | 17:00 | Foru plaza |
Arbizu | 17:00 | Kale Nagusia |
Arakil-Irañeta | 17:00 | Frontoia |
Arruazu | 17:00 | Plaza |
Bakaiku | 17:30 | Plaza |
Etxarri Aranatz | 17:30 | Plaza |
Irurtzun | 17:30 | Plaza |
Iturmendi | 17:00 | Plaza |
Lakuntza | 17:30 | Plaza |
Lizarragabengoa | 17:00 | Plaza |
Olatzagutia | 17:00 | Plaza |
Uharte Arakil | 17:00 | Udal plaza |
Urdiain | 17:30 | Plaza |
Ziordia | 17:30 | Plaza |