Pilota

Zabaleta gorenean, Martija erdian eta Ezkurdia behean

Guaixe 2022ko urt. 10a, 10:38
Ezkurdia eta Zabaleta, larunbateko Labriteko partidan. PURROY / PORTO

Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatuta, Elezkano eta Zabaleta liderrak dira (7 puntu), Altuna III.a eta Martija hirugarrenak (5 puntu) eta Ezkurdia eta Tolosa azkenak (puntu 1). Zabaletak eta Elezkanok uste baino lan gehiago egin behar izan zuten Ezkurdia eta Tolosa mendean hartzeko

Binakako Pilota Txapelketan bigarren itzuliari ekin diote zortzi bikote parte hartzaileek. Asteburuan zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Larunbatean Altunak eta Martijak errezitaldi bikaina eskaini zuten Zallan, eta Irribarria eta Rezusta 12 tantotan utzi zituzten, partida serioa egin eta bikain aritu eta gero. Martijak oso ongi eutsi zion Rezustari eta Altuna maisuki aritu zen aurreko koadroetan, hirugarren postuan egotea ahalbideratu dien garaipen ederra lortuz. 

Larunbatean, Labriten, Elezkano II.a eta Zabaleta liderrek Ezkurdia eta Tolosa izan zituzten aurkari. Liderrak azkenekoen kontra. Dirua argi atera zen Elezkanoren eta Zabaletaren alde, baina uste baino lan gehiago egin behar izan zuten Ezkurdia eta Tolosa mendean hartzeko. Ezkurdia, aspaldiko partez, oso ongi aritu zen, eta bera eta Tolosa markagailuan aurreratu egin ziren, Labriteko zaleen zoramenerako. Baina hori ez zen nahikoa izan liderrak menderatzeko. Zabaletari eta Elezkanori partidan sartzea kosta egin zitzaien, baina gutxika aldea txikitzen hasi ziren eta partida zeharo gogortu zen. Berriro ere, Zabaletak erabaki egin zuen eta, azkenean, 16 eta 22 gailendu ziren liderrak, baina asko kostata. 

Bi aldeak
“Ezkurdiari eta Tolosari irabazteko izugarri lan egin behar izan dugu; lehen zati oso ona egin dute. Tolosa ongi aritu da atzean, eta Joseba ikusgarri aurrean. Asko lan egin behar izan dugu partidari buelta emateko eta kontentu gaude puntua lortu izanagatik. Eskuinarekin bukaerara arte ez dut nahi bezala gozatu, gauzak ez dira beti ongi ateratzen” azaldu zuen Zabaletak partida bukaeran. 

Joseba Ezkurdia, bere aldetik, penatuta zegoen. “Partida honek pena, ezintasuna… denetatik utzi digu. Sentsazioak oso onak ziren, partidan nahi bezala aritu gara, ez diogu Joseri eroso jokatzen utzi. Baina 12ko atsedenalditik ez genuen tantoa egitea lortzen. Partidei eustea zaila egiten zaigu. Dena den, lehen sei postuetan sartzeko aukera matematikoak dauden bitartean borrokatuko dugu” azaldu zuen. 

Sailkapena
Zortzigarren jardunaldia jokatuta, Elezkano II.ak eta Zabaletak jarraitzen dute lider (7 puntu), Laso-Imazen (5 puntu) eta Altuna III.a-Martijaren aurretik (5 puntu). Irribarria-Rezustak eta Urrutikoetxea-Arangurenek launa puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk eta Jaka-Mariezkurrenak hiruna puntu, eta Ezkurdiak eta Tolosak puntu bat.