Presoei ezarritako salbuespen legeen kontra egin dute

Guaixe 2022ko urt. 10a, 11:33

Sarek deituta, 'Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean' lelopean Sakanako hamalau herritan kontzentrazioak egin ziren.

Urteko lehen larunbatean presoen eskubideen alde Bilbon egiten den manifestazio jendetsua bertan behera utzi zuen Sarek pandemia dela eta. Horren ordez, Hego Euskal Herriko ia 200 herrietan bilkurak deitu zituen, haietako hamalau Sakanan: Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordian. 

Sarek jakinarazi duenez, “salbuespen legediarekin bukatu eta aurrera egiteko milaka herritar kalera atera gara. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko”. Aldarrikapenarekin bat egin zutenei eskerrak eman zizkieten, baita “2021. urte osoan zehar egin ditugun mobilizazio eta ekimenetan gurekin egoteagatik ere”. 

Deitzaileek azaldu zutenez, joan den urtea “ez da urte erraza izan, baina espetxe politikari dagokionean, urte luzez espero genuen aldaketaren lehen zantzuak ikusten hasteko aukera izan dugu. Hori egunerokoan maila politikoan, sindikalean, sozialean eta instituzionalean lortutako adostasunei, eta batez ere, urte luzeetan herritarrok kalean eginiko aldarrikapen eta lanari esker lortu dugu”. Sareko kideek gaineratu dutenez, aurten ere, “bide berean pausoak emanaz, aldaketa horiek espetxe politika berri bat oinarri izatea lortuko dugu”.

Gaztigatu zutenez, “oraindik euskal presoen %50 Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan dago. 3 gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko blokeo sistemiko baten aurrean aurkitzen gara”. Jakinarazi zutenez, “larriki gaixo diren 19 preso daude oraindik euren osasunerako eskubidea urratua dutenak”. Adinduak diren presoen edota motxiladun haurren egoera ere gogoan izan zuten. “Salbuespen legediak erpin asko ditu eta benetako aldaketa batek guztiei eman behar die aterabidea”, nabarmendu zuten.

Sarek azpimarratu zuenez, “salbuespenezko espetxe politika da euskal presoek etxerako bidea garatzeko oztopo eta muga nagusia. Berau baita gaur defendatzen ditugun eskubideen urraketaren bermea. Eta indarrean jarraitzen duen egun bakoitzeko sufrimendua sortzen jarraitzen duena”. Deitzaileek gaineratu zutenez, “elkarbizitza ezinezkoa izango da salbuespen legeriak eragindako eskubide urraketa desagertzen ez bada. Eta bide berean, etxeratze prozesua gauzatu dadin eta espetxe politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa eman dadin, ezinbestekoa da elkarbizitzaren eta bakearen bidean aurrera egitea”. Horretan segituko dutela azaldu zuten Saretik.