Uholdeak atzera ere

Guaixe 2022ko urt. 10a, 11:59
Ibaiaren emariak IraƱetako zubia ia estali egin du.

Sakanako errepide sarea lau puntutan moztuta dago.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Errotz isolatuta dago Arakil ibaiak gainezka egin eta NA-7010 errepidea urpean utzi duelako, Izurdiaga pasa eta berehala. Eta Erroztik Urritzolarako bidea ere ezin da hartu zubian ere ura sartzen hasi baita Atondoko bidegurutzean itxi du Foruzaingoak trafikoa inor Oskiako arratetik pasa ez dadin. Sakana zeharkatzen duen NA-2410 errepidea bi puntutan dago moztuta. Batetik, Uharte Arakilgo sarreraren parean, ubeldeak gainezka egin eta errepidea urpean utzi duelako. Eta, bestetik, Arruazu parean, Uharte eta Lakuntza artean, hor ere ibaiak ezin izan diolako emari handiari eutsi. 

Arbizu eta Lizarragabengoa lotzen dituen NA-7520 errepidea itxita dago ubeldeak gainezka egin duelako. Lizarragabengora joan nahi duenak, Etxarri Aranatz zeharkatzen egin beharko du. Ziordian ere ibaiak gainezka egin du eta Egutera kalearen zati bat hartu du, eta txipudia urpean utzi du. Gainera, ubeldeak hartu ezin duen ur emari handiagatik makina bat baratze, soro eta larre urpean gelditu dira.