Ziklo-krosa

Igor Arrietaren erorikoa Espainiako Ziklo-kros Txapelketan

Guaixe 2022ko urt. 10a, 13:28
Igor Arrietak laugarren itzulian utzi behar izan zuen proba. KERN-PHARMA

Kern Pharma taldeko uharte arakildarrak Xativako proba utzi behar izan zuen. Juniorren eta kadeteen mailan Nafarroako Selekzioarekin aritu ziren txirrindulariak txukun aritu ziren 

Asteburuan Espainiako Ziklo-kros Txapelketak jokatu dira Xativan. Eliteen mailako Ziklo-kros Txapelketan Kern Pharma taldearekin aurten profesional mailara salto egin duen Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarrak hartu zuen parte larunbatean jokatutako elite mailako proban. Abenduaren 26an jokatutako Aiarako Ziklo-krosean, aldi berean Euskadiko Ziklo-kros Txapelketa zenean, sailkapen absolutuan laugarren sailkatu zen Igor Arrieta, eta Euskadiko 23 urtez azpiko txapelduna izan zen, Lizarte afizionatuen mailako taldearekin jokatu zuen azkeneko proban. Ilbeltzaren 2an jokatutako Ormaiztegiko Ziklo-kros ezagunean Kern Pharma talde profesionalaren maillota mustu zuen uharte arakildarrak, eta Gorka Izagirre ziordiarrak (Movistar Team) irabazitako proban atzera ere laugarren sailkatu zen, 23 urtez azpiko lehena. 

Espainiako Ziklo-kros Txapelketako faboritoen artean zegoen Igor Arrieta, baina, zoritxarrez, txirrindulari uharte arakildarrak erorikoa izan zuen eta Espainiako Ziklo-kros Txapelketari agur esan behar izan zion laugarren itzulian. Lasterketa Felipe Ortsek (Burgos BH) irabazi zuen eta bera da Espainiako txapelduna. 

Juniorrak eta kadeteak
Kategoria txikietan Nafarroako selekzioarekin zenbait sakandar aritu ziren: Quesos Albeniz-Burundako Mikel Regil, junior mailan, eta Quesos Albeniz-Burundako Ekain Imaz, Iker Gomez, Iker Begiristain eta Hegoi Garcia, kadeteen mailan.  

Kadeteen Espainiako Ziklo-kros Txapelketa larunbatean jokatu zen. Ekain Imaz 33. sailkatu zen, Iker Gomez 43., Iker Begiristain 75. eta Hegoi Garcia 90. Juniorren Espainiako Ziklo-kros Txapelketa igandean izan zen eta nafar onena Mikel Regil altsasuarra izan zen, helmugara hamalaugarren postuan sartu eta gero, Galiziako selekzioko Ricardo Martin txapeldunetik 2:19ra.