Pentsiodunen Mugimenduak kaleak betetzeko deia egin du

Guaixe 2022ko urt. 10a, 14:15
Pentsio duinen aldeko mugimenduak gaur Altsasun egindako bilkura.

Mobilizazioen bidez, lan-erreforma berriarekin pentsioak gehiago murriztuko direla eta osasun publikoaren "kolapsoa" salatuko dute. Larunbatean, 12:00etan, Altsasuko Foru plazatik manifestazioa abiatuko da. 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau urte daramatza borrokan eta, urteurrena dela eta manifestazioak eginen ditu larunbatean. Hego Euskal Herriko hiriburuez aparte, hainbat herritan ere eginen dira mobilizazioak. Tartean Altsasun. Mugimenduko kideek larunbatean kaleak betetzeko deia egin diete pentsiodunei, langileei, sindikatuei, gizarte eragileei eta gazteriari. Adierazi dutenez, “denok sufritzen dugu prekarietatea eta denok ditugu miseriazko soldatak; denok egin behar dugu bat, nork bere aldarrikapenarekin”, adierazi dute.

Mugimenduko kideen ustez, “mobilizazio jendetsuak, bateratuak eta koordinatuak beharrezkoak dira, lantokietan nahiz kalean, gobernuei eta patronalei esateko ez dugula murrizketa gehiagorik onartuko pentsioetan, soldatetan eta gainerako eskubide sozialetan”. Gaineratu dutenez, iritzi berekoak dira sindikatuak. Ziurtatu dutenez, “lan erreformak pentsioen sistema publikoa gehiago murriztuko du, pentsio sistema pribatuen mesedetan”.

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren seigarren olatuarekin batera heldu da deialdia. Horregatik, pentsiodunen mugimenduak osasun sistema publikoaren “kolapsoari bukaera emateko, lantaldeak indartzeko, eta baliabide gehiago jartzeko” eskatuko diote Nafarroako Gobernuari. “Azken olatuak egoitzetan, ospitaleetan eta lehen arretan aspalditik zeuden arazoak areagotu ditu, eta erakundeak ez dira konponbidea jartzeko gai izan, azken urteetan baliabide pertsonalak nahiz materialak murriztu dituztelako”, kritikatu dute. Agintarien jokabidearen ondorio batzuk ere zerrendatu dituzte: “jende asko seguru pribatuak egitera bultzatu dute; nork bere kabuz egin behar ditu antigeno edo PCR testak; eta bitartean, klinika pribatuak aberasten ari dira egoeraz baliatuta prezio eskandalagarriak jarri dituztelako”.

Horri guztiari aurre egiteko “protesta indartsuak, anitzak eta bateratuak” behar direla gaztigatu dute pentsiodunek, “hori izango baita erakundeak premiazko neurriak hartzea mugiarazteko bide bakarra”.