Atletismoa

Mikel Astizek 78. Elgoibarko Nazioarteko Krosa bukatzea lortu zuen

Guaixe 2022ko urt. 11a, 10:30
Gizonezkoen proba nagusiko irteera. MIKEL ASKASIBAR

Nicholas Kimeli eta Edimah Jebitok keniatarrek irabazitako 78. Muguerza Oroimenezkoan Ihabarko korrikalaria gizonezkoen lasterketa nagusian 56. postuan sailkatu zen

Joan den urteko etenaren ondoren, igandean Elgoibarko Nazioarteko Krosa jokatu zen, 78. Juan Muguerza Oroimenezkoa. 7,6 kilometroko proba nagusia ikusgarria izan zen, eguraldi gogorrarekin jokatu baitzen: euripean, haizeak jotzen zuela eta zirkuitu guztiz lokaztuan. Atleta keniatarrak izan ziren nagusi, sekulako erakustaldia eman eta gero. Gizonezkoetan Nicholas Kimeli keniatarra gailendu zen. 5.000 metroko munduko espezialistak ihesaldiko pisua hartu zuen bere gain, eta nahiz eta bidaide oso arriskutsuak izan –Addisu Yihune, Rogers Kibet eta beste–, azkenean Yihunerekin lehia ikusgarria izan zuen eta esprintean Kimelik aurretik sartzea lortu zuen (33:47), Yihuneri 6 segundo ateraz. 

Guztira 63 korrikalarik lortu zuten gizonezkoen proba nagusia despeditzea. Mikel Astiz Erro ihabardarra 56. sailkatu zen (42:11). Isidro Asurabarrenak, Ivan Sobredok, Jabi Gasanzek, Sergio Garcia de Eulatek eta Sergio Goñik ezin izan zuten proba bukatu. 

Emakumezkoetan Edimah Jebitok korrikalari keniatarrak indarrak oso ondo neurtu zituen lasterketa guztian barna eta merezimendu osoz gailendu zen 7,6 kilometroko emakumezkoen krosean (26:03). 15 segundo atera zizkion Beatrice Chebet keniatarrari (26:18). 41 atletek lortu zuten proba despeditzea.