Koronabirusa Sakanan

Osasunbideak COVID-19aren kontrako hirugarren dosiak jartzen segitzen du

Guaixe 2022ko urt. 11a, 11:01
Jende ilara Altsasuko Burunda frontoian sartu eta COVID-19 txertoa hartzeko.

40-49 urteko pertsonei hitzorduak eskaintzen hasi da. Gaur Altsasun txertoak ematen hasiko da. Osasun Publikoak maskararen eta prebentzio neurrien beharra azpimarratu du.

Pandemiari aurre egiteko txertaketa egitasmoarekin aurrera segitzen du Osasunbideak. Eta haren barruan koronabirusari aurre egiteko txertoaren dosi gehigarria ematen hasi da; gaitza pasa ez dutenendako hirugarren dosia eta pasa dutenendako bigarrena. Osasunbidearen estrategia, lehenik, txertoa adinduenei jartzea izan da eta pitteke-pitteka adinean behera egiten ari da. Aste honetan txerto gehigarria jartzera 40 eta 49 urte arteko pertsonak deitu ditu. SMS mezu bat jaso dute hitzordua lotzeko. Gaur eta bihar Altsasuko Burunda frontoian hitzorduak daude. 

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren abenduaren 27tik ilbeltzaren 2ra bitarteko txostenak jaso duenez, txertaketak eta hirugarren dosiak gaixotasunaren forma larrienak, ospitaleratzeak eta heriotzak prebenitzeko duten garrantzia egiaztatzen du. Hala ere, azpimarratu du beharrezkoa dela txertaketa beste prebentzio neurri batzuekin osatzea, esaterako maskararekin eta pertsonen arteko distantzia fisikoarekin, COVID-19ak Nafarroan duen intzidentzia handiari aurre egiteko. 

Osasun Publikoaren txostenaren arabera, aurreko asteetan intzidentzia bereziki garrantzitsua izan da 15-34 urteko gazteen artean, talde horren % 6,2 kutsatu baita. 35-54 urtekoen artean, afekzioa %4,5ekoa da. Eta kopuru txikiena (%1,6) 75 urtetik gorakoen taldearena da, txertoaren dosi gehigarriak ia estalita baitago, 70 urtetik gorakoen artean kolektibo horren %95eko zifra gainditu baita.

Txertoa jartzeko hitzordua eskatzeko aukera irekia du Osasunbideak. Aholkatu du ahal dela online kudeatzea www.citasalud.navarra.es webgunean. Posta elektronikoz ere egin daiteke, citas.vacunacion@navarra.es helbidearen bidez, edo telefonoz, 948 370 130 zenbakira hots eginez. 

Nafarroan 1.241.336 txerto eman dira guztira
539.397 pertsonak osatu dute orain arte txertaketa (txertoa jar dezaketen biztanleen %85,4k eta guztizkoaren %81,6k). Gainera, txertoa har dezaketen herritarren %88k dosi bat jaso du gutxienez, eta guztizkoaren %84k, 555.415 pertsonak.

Adin taldeen araberako estaldurari dagokionez, jarraibide osoa 80 urtetik gorakoen %100i eta 70-79 urtekoen ehuneko berari eman zaie. Gainera, jarraibide osoa dute 60-69 urtekoen %98k; 50-59 urtekoen %95ek; 40-49 urtekoen %89k; 30-39 urtekoen %80k; 20-29 urtekoen %86k; 12-19 urtekoen %90ek; eta 5-11 urtekoen %4k.

Estaldurari dagokionez, 80 urte eta gehiagoko tartean gutxienez dosi bat %100ekoa da; 70 eta 79 urte bitartekoetan, %100ekoa; 60 eta 69 urte bitartekoetan, %99koa; 50 eta 59 urte artekoetan, %96koa; 40 eta 49 urte artekoetan, %89koa; 30 eta 39 urte bitartekoetan, %81ekoa; 20 eta 29 urte bitartekoetan, %89koa; 12 eta 19 urte bitartekoetan, %92koa; eta 5 eta 11 urte bitartekoetan, hurrenez hurren.