Txirrindularitza

Jorge Azanza, Altean egindako lanarekin kontentu

Guaixe 2022ko urt. 11a, 11:30
Jorge Azanza, entrenamendurako oharrak ematen, Altean. EUSKALTEL-EUSKADI

Euskaltel-Euskadi eta Laboral Kutxa taldeek denboraldia prestatzeko kontzentrazioa egin zuten Altean eta aurki hasiko den denboraldi berrirako gogotsu dago Euskaltel-Euskadiko zuzendari altsasuarra

Gizonezkoen Euskaltel-Euskadi eta emakumezkoen Laboral Kutxa txirrindularitza taldeek astebeteko egonaldia egin berri dute Altean, hastear dagoen 2022 denboraldia behar bezala prestatzeko, Jorge Azanza eta Ion Lazkano euren zuzendarien esanetara. 

Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendaria da Jorge Azanza altsasuarra, eta aurten hemeretzi txirrindulari ditu bere aginduetara. Aurreko astean Altean egindako lanarekin “gustura” dagoela azaldu du Azanzak, “kalitatezko entrenamenduak” egin dituztela, eta zenbait txirrindulari “lehiatzeko prest” ikusten dituela. Euskaltel Euskadi Fundaziotik adierazi dutenez, “aste gogor eta eder baten ondoren, Alteatik bueltan, etxerako lanak ondo eginda, denboraldi berriari hasiera emateko prest”. Lana egiteaz gain, disfrutatu dutela gaineratu du Azanzak. “Aurreko astean egindako kontzentrazioan, ongi pasatzen eta denboraldirako prest jartzen. Lan askoko lana, talde onenarekin” gaineratu du Jorge Azanzak, sare sozialetan.