Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimena eman du gaur koronabirusari eusteko herrialdean indarrean dauden ezohiko neurriak ilbeltzaren 31ra arte luzatzeko, egoera epidemiologikoa ikusita “beharrezkoak, proportzionatuak eta egokiak” izaten jarraitzen dutela esanez, “hobera ez egiteaz aparte, maila guztietan okerrera egin baitu”.
Epaileek autoan nabarmendu dute kutsatze kopuruak gora egin duela, omikron aldaeraren aurrerapen azkarraren ondorioz, inflexio gailurrera iritsi gabe, eta infekzio aktiboaren diagnostiko proben positibotasunaren ehunekoa %52ra iritsi dela; horren ondorioz, Nafarroak estatuko intzidentzia tasa metaturik handiena du 14 egunetan eta osoan 7 egunetan.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi duenez, kutsatzeen gorakada horrek lan gainkarga ekarri du lehen mailako arretako osasun zerbitzuan, eta ospitaleetako asistentzia egoeran islatzen da, bai larrialdi zerbitzuan, bai ospitaleratzeetan, gaur egun hirugarren, laugarren eta bosgarren olatuen gorakadak gainditzen baitituzte. Pitteka ohe berriak ireki behar izan dira, zainketa intentsiboetako unitateetan ere eragina izango dutenak.
Bestalde, zerbitzua emateko zailtasuna areagotu egin da birusak osasun langileengan duen eraginagatik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak dokumentuan jasotzen duenez. Hori dela eta, ezohiko neurriak hartu behar izan dira, hala nola jarduera doitzea infekzioen ondoriozko isolamendu profesionalen ondoriozko absentziak estaltzeko, baita urgentziazkoa ez den asistentzia-jarduera kirurgikoaren gainekoak ere.
Neurri sorta
Adostutako neurrien artean, honako hauek daude:
Ordutegiak
- Ostalaritzak 01:00etatik 06:00etara itxiko du: diskotekak, jai aretoak, kafe antzokiak, kontzertu aretoak, tabernak, taberna bereziak, kafetegiak, jatetxeak, kultur ekimenak, bingoak, joko aretoak, piperoak, elkarteak.
- Ezinen da barran kontsumitu, mahaietan baizik. Barrara bakarrik eskatzera joan daiteke.
- Mahaietan gehienez 10 pertsona egon daitezke elkarrekin. Mahai berean dauden pertsonen arteko distantzia 70 cm-koa izanen da.
- Kultur edo kirol ekimenek neurri berriak izanen dituzte: ezinen da bertan jan edo edan.
Debekuak
- Bide publikoan, parke eta plaza publikoetan eta igarobide publikoko beste leku batzuetan alkohol kontsumoarekin elkarbizitza eta aisia ospakizunak (kale edana eta antzekoak) egiteko debekua indarrean dagoela gogorarazten da.
Covid ziurtagiria
- Zahar egoitzetan eta osasun zentroetan sartzeko eskatuko dute.
- Ostalaritzan 12 urte gorakoei eskatuko zaie, baita kultur ekimen handietan ere (kiroletakoak izan ezik).