Pandemia iritsi zen urtean, 2020an, Sakanako biztanleria handitu zen. Urtea hasi baino dozena bat sakandar gehiagorekin itxi genuen; 13 gizonezko gehiago eta emakumezko bat gutxiago. Igoera 0,06 puntukoa da, baina bigarren urtez jarraian ibarreko biztanleria hazi egin da. Izan ere, 2019an 72 biztanle irabazi zituen ibarrak. Azken bi urteetako 84 pertsonen populazio hazkundeak, ordea, ez du inolaz ere konpentsatzen finantza krisiaren eraginez izandako galera: Sakanak 2014 eta 2017 urteen artean 624 biztanle galdu zituen.
Generoari erreparatuta, sakandarren %51,55 gizonezkoak dira (10.445), eta gainontzeko %48,48 emakumezkoak (9.828). Bien arteko aldea %2,32 hazi da, 2019an 603 gizonezko gehiago izatetik 2020ko hasieran 617 izatera pasa zen.
Udalerrika
Sakanak dituen 15 udalerrietatik seitan igo zen biztanleria. Portzentajeari erreparatuta, bi dira populazio igoera nabarmena dutenak: Iturmendi (%4,87, 20 gehiago; 12 gizonezko eta 8 emakumezko) eta Irurtzun (%2,18, 49 gehiago; 26 gizonezko eta 23 emakumezko). Aurrenak hiru urte kateatu ditu populazioa irabazten. Atzenak, berriz, 2012an lortu zuen populazio errekorretik (2.302 biztanle) oso gertu gelditu da. Gainontzeko lau udalerrietan biztanleria hazkunde oso txikia izan dute: Ziordia (%0,57, 2 gehiago; 4 gizonezko eta 2 emakumezko gutxiago), Urdiain (%0,45, 3 gehiago; 4 gizonezko eta emakumezko bat gutxiago), Arakil (%0,42, 4 gehiago, guztiak emakumezkoak) eta Arbizu (%0,36, 4 gehiago; bina emakumezko eta gizonezko).
Gainontzeko bederatzi udalerriek biztanleak galdu dituzte. Galera nabarmenena Arruazun izan da (%5,66, 6 gutxiago; 4 emakumezko eta 2 gizonezko). Puntu pasako galera hiru herrik izan dute: Bakaiku (%1,94, 7 gutxiago; 5 gizonezko eta 2 emakumezko), Ergoiena (%1,08, 4 gutxiago; bina emakumezko eta gizonezko) eta Uharte Arakil (%1,01, 8 gutxiago; 6 gizonezko eta 2 emakumezko). Bakaikuk eta Uharte Arakilek bi urte daramate herritarrak galtzen, Ergoienak lau.
Gainontzeko udalerrietan populazio jaitsiera txikiagoa izan da: Irañeta (%0,59, 1 gutxiago, emakumezkoa), Lakuntza (%0,55, 7 gutxiago, gizonezkoak), Olatzagutia (%0,34, 5 gutxiago; 6 emakumezko eta gizonezko bat gehiago), Etxarri Aranatz (%0,32, 8 gutxiago; launa emakumezko eta gizonezko) eta Altsasu (%0,32, 24 gutxiago; 14 emakumezko eta 10 gizonezko).
Irañetak hiru urte daramatza beherako joerarekin, Lakuntzak bi. Etxarri Aranatzek 2018an lortu zuen biztanleria errekorrera (2.503) ez da hurbiltzen. Olatzagutia, berriz, urte hartan jaitsi zen 1.500 biztanleko langatik eta orduz geroztik ez da bueltatu.
Biztanleria banaketa eta dentsitatea
Ibarreko biztanleriaren %36,7 Altsasun bizi da. Hari Etxarri Aranatz (%12,28) eta Irurtzun (%11,33) gehituz gero, hiru herrietan sakandarren %60,31 bizi da. Ibarrean mila biztanletik gora duten hiru herri daude: Olatzagutia (%7,33), Lakuntza (%6,25) eta Arbizu (%5,49). Hiru horiek aurreko hiruei batuz gero, Sakanako sei herri populatuenetan biztanleriaren %79,38 bizi da, bostetik lau. Gainontzeko sakandarren %20,62 bederatzi herritan bizi dira: Arakil (%4,76), Uharte Arakil (%3,85), Urdiain (%3,28), Iturmendi (%2,13), Ergoiena (%1,81), Bakaiku (%1,74), Ziordia (%1,74), Irañeta (%0,83) eta Arruazu (%0,49).
Hori bai, udalerri guztien azalera ez da berdina, eta lur azalera txikia eta populazio handia duten udalerrietan dago biztanleria dentsitate handiena. Irurtzunek 651,9 biztanle ditu kilometro karratuko. Atzetik, urrun, ditu Altsasu 277,6 eta Lakuntza 114,93. 75 biztanle km karratuko baino gehiago hiru herrik dute: Arbizu 77,81; Olatzagutia 75,7 eta Etxarri Aranatz 75,38. 20 eta 45 artean daude sei udalerri: Urdiain 44,03; Iturmendi 43,5; Bakaiku 30,17; Ziordia 24,46; Uharte Arakil 20,58 eta Irañeta 20,01. Dentsitate txikiena duten hiru udalerriak Arakil 18,45; Arruazu 17,44 eta Ergoiena 8,75 dira.
Hamar urteko aldea
2021 eta 2012 urteetako biztanleria datuak parean jarrita, hamar urte horietan Sakanak 495 biztanle galdu ditu, %2,38ko jaitsiera. Generoari erreparatuta, joan den urte hasieran 2012an baino 268 (%2,5) gizonezko eta 227 emakumezko (%2,25) gutxiago zeuden. Aipatu hamar urte horietan zazpi udalerritan igo zen biztanleria. Portzentajeei erreparatuta hamar urtetan populazioa gehien handitu den herria Iturmendi da, %10,51, tarte horretan 41 biztanle irabazi ditu. Atzetik ditu Bakaiku (%6,01; 20), Arbizu (%1,83; 20), Arakil (%1,47; 14), Lakuntza (%1,28; 16), Irañeta (%1,2; 2) eta Etxarri Aranatz (%0,02, 2).
Hamar urteko aldeari erreparatuta, biztanle gehien galdu duen herria Arruazu da, %12,28, 14 arbazuar gutxiago daude. Portzentajean, populazio jaitsiera handia izan dute ere Ziordiak (%10,66; 42), Olatzagutiak (%10,65; 177) eta Ergoienak (%9,63; 39). Jaitsiera txikiagoa izan da gainontzeko lau herrietan: Uharte Arakil (%5,56; 46), Urdiain (%5,14; 36), Altsasu (%3,25; 250) eta Irurtzun (%0,26; 6).
Bi hamarkadako aldea
Biztanleriaren garapenaren ikuspegia hogei urtetara zabalduz gero, 2002 eta 2021 urteen artean Sakanak 596 biztanle gehiago ditu, %3,03ko hazkundea. Generoari dagokionez, joan den urte hasieran 2002an baino 247 gizonezko (%2,42) eta 349 emakumezko (%3,68) gehiago daude. Bi hamarkada horietan hamar udalerritan igo da populazioa. Igoera handiena ia laurdena hazi den Lakuntzan izan da (%24,93; 253). Nabarmentzekoa dira ere Arbizuko (%20,32; 188) eta Iturmendiko (%14,02; 53) biztanleria hazkundeak. %5etik gorako biztanle igoera bi udalerrik izan dute: Arakil (%9,52; 84) eta Urdiain (%5,9; 37). Gainontzekoen populazio hazkundea apalagoa izan da; Irañeta (%4,35; 7), Etxarri Aranatz (%3,97; 95), Irurtzun (%2,32; 52), Altsasu (%2,2; 160) eta Bakaiku (%1,15; 4).
2002 eta 2021 urteen artean biztanleak galdu dituzten udalerriak bost izan dira. Jaitsiera nabarmenenak Ergoienan (%18,85; 85) eta Olatzagutian (%13,21 226) izan dira. Ziordian (%3,3; 12), Arruazun (%2,91; 3) eta Uharte Arakilen (%1,39; 11) biztanle jaitsiera txikiagoa izan da.
Nafarroa
Herrialdeak populazioaren hazkundearen joerarekin segitu zuen eta joan den urte hasieran 340 (%0,05) herritar gehiago zenbatu zituzten: 661.537. Nafarroan 6.607 (%1,97) emakumezko gehiago zeuden gizonezkoak baino. Zehazki, 334.072 (%50,49) emakumezko. Gizonezkoak, berriz, 327.465 (%49,50) ziren. Nafar guztien artean sakandarrak %3,06 ginen 2021eko ilbeltzaren 1ean, aurreko urtean bezala; Hala ere, 2017tik 2020rako biztanleriaren bilakaeragatik Sakanak %1eko pisua galdu du Nafarroan.