GKSk foruzainak gaztetxean sartu izana salatu du

Guaixe 2022ko urt. 17a, 11:04
Olatzagutiko Maisuenea gaztetxea. ARTXIBOA

Gazte bat zauritu zutela salatu du. Pandemiarekin testuinguru “arriskutsua normalizatzen” ari dela salatu du: “eskubideen urraketak, poliziaren jazarpena eta kontrol soziala”.

Sakanako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Olatzagutiko Maisuenea gaztetxean larunbat gauean izandako “errepresio erasoa” salatu du. GKSk azaldu duenez, “foruzainak gaztetxean agertu, eta bertan zeuden gazteak aterarazi zituzten. Batzuk bortizki kolpatuz”. GKSk jakinarazi duenez, “gazte bat buruan eta aurpegian borrarekin kolpatu zuten eta, ondorioz, sudurrean puntuak eta buruan grapak jarri behar izan zizkioten”. GKSk gaztigatu duenez, pandemia hasi zenetik foruzainak Sakanako gaztetxean sartzen diren hirugarren aldia da Olatzagutikoa. Aurretik Arbizuko eta Etxarri Aranazko gazte egoitzetan izan ziren. 

GKSeko kideen iritziz, hilaren 8an, larunbatarekin, gertatutakoa “burgesiaren ekonomia eta politika ofentsibaren beste adierazpen bat baino ez da”. Azaldu dutenez, “batetik, gazteok modu gordinean bizitzen ari garen proletarizazio prozesu batean murgilduta dago langile klasea. Bestetik, eskubide zibil eta politikoen ezabapena ematen ari da, eta estatua gero eta joera totalitarioagoa hartzen ari da”. GKSko kideen iritziz “pandemiaren testuinguruak neurri autoritarioagoak ezartzeko marko aproposa bilakatu da burgesiarendako. Gazterian esku hartzeak berebiziko garrantzia hartzen ari da, etorkizuneko langile klasea etorkizun gordinerako diziplinatu behar da”. GKSk “ekonomia eta politika diktadurari, basakeria kapitalistari aurre egiteko mobilizatzera eta aldarrikapenak zabaltzera deitu du. Horregatik, hilaren 29an Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu du.