Astekaria

Pandemia garaian ekintzailetzak gora egin du

Guaixe 2022ko urt. 19a, 13:03

Ekintzailetza zer den ikasleei azaltzen. CEDERNA-GARALUR

Cederna Garalurrek 48 ekintzaile lagundu ditu eta 23 enpresa sortzen lagundu zuen joan den urtean.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kofinantzatutako Emprende Sareko bazkide da Cederna Garalur elkartea, eta ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua eskaintzen du Sakanan. Elkarteak jakinarazi duenez, joan den urtean 48 ekintzaileri lagundu zien. Haietako 26 gizonezkoak ziren eta 22 emakumezkoak. Aholkularitza horren ondorioz, Garalurrek 23 enpresa sortzen lagundu zuen, eta, ondorioz, urtean 24 pertsonak eman dute alta eskualdean langile autonomo gisa. Negozio berrien forma juridikoari dagokionez, 22 enpresaburu indibidual gisa eratu dira, eta bat sozietate irregular gisa.

Elkarteko arduradunek nabarmendu dutenez, “COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiak eta horren ondorioz esparru guztietan nagusi den ziurgabetasun inguruneak eragindako urte zaila izan den arren, artatutako pertsonen eta sortutako enpresen kopuruak nabarmen handitu dira”. Garalurretik azaldu dutenez, “artatutako pertsonen kopurua %60 inguru handitu da eta sortutako enpresen kopurua %50 baino gehiago. Horrek erakusten du landa ekintzailetzak osasun oso ona duela”.

Beste zerbitzu batzuk
Ekintzailetzari bulkada emateko Garalurrek 2021ean bi urte baino gutxiago duten hamabost  enpresa eta bi urte baino gehiago duten sei enpresa lagundu eta aholkatu zituen. Horretaz aparte, gazteei zuzendutako ekintzailetza esperientziei buruzko tailerra antolatu eta eman zuen. Bestetik, eskualdeko ekintzailetza- sperientziak zabaltzen eta dinamizatzen lagundu zuen, eta beste erakunde batzuek sustatutako ekintzailetzarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu zuen, esaterako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin. Gainera, ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako online tutorialak eman zituen, beti ere, haien interesak kontuan izanik. Horietan sakanadarrek ere parte hartu zuten. 

Harremanetarako


Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan, dauka egoitza Garalurrek. Astegunetan 08:00etatik 15:20ra, pasa daiteke egoitzatik. Harremanetan jartzeko 639 900 336 (Susana) telefonora hots egin edo sakana.admon@cederna.es edo sakana@cederna.es e-postetara idatz daiteke.