Pentsio duinak bermatzeko eskatuko dute

Guaixe 2022ko urt. 13a, 14:49
Pentsio duinen aldeko kontzentrazioa Zumalakarri plazako estalopean astelehenean.

Gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiendako pentsio sistema publikoa eta pentsio duin, justuak eta nahikoak izan behar dutela aldarrikatzera gonbidatu dituzte pentsiodunak, langileak eta gazteak. Bihar, 12:00etan, Altsasuko Foru plazatik abiatuko da manifestazioa. 

Bihar lau urte beteko dira Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua mobilizatzen hasi zela. Urteurrena dela eta lau hiriburuetan eta bost herrietan manifestazioak deitu dituzte. Azken horien artean dago Altsasu. Mugimenduko kideak, atzera ere, pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzea aldarrikatuko dituzte. Kezkaz ikusten baitute gobernuak hartutako erabakiak. 

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kideek nabarmendu dutenez, “azaroan onartutako pentsioen erreformak ez ditu bertan behera uzten 2011ko erreformaren murrizketak, esaterako: jubilatzeko adina luzatzea, pentsioa %100ean kobratzeko eta oinarria kalkulatzeko denbora gehiago kotizatu beharra”. Mugimenduko kideak kexu dira erreforma berriak pentsioak urtero eguneratzeko aukeratu duen moduarekin: Kontsumo Prezioen Indizean (KPI) oinarrituta da, “baina neurrira egindako formula horrekin aurten pentsioen igoeran %3 galduko dugu”. 

Pentsio duinen aldekoek nabarmendu dutenez, “gure aldarrikapenen zati handi bat erreformatik kanpo gelditu dira: gutxieneko pentsioak 1.080 eurotik oso urrun gelditzen dira, soldata eta pentsioetan genero arrakalak irauten du eta 40 urte kotizatu eta aldez aurretik jubilatu nahi dutenen koefiziente murriztaileak ez dira kendu. Gainera, gobernuak finantza erakundeek kudeatuko duten pentsioen sistema osagarri bat sortzeko konpromisoa hartu du”. 

Eskaerak eta lorpenak
Horregatik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak PSOEk eta Ahal Duguk osatzen duten gobernuari eskatu dio, alde batetik, 2011, 2013 eta 2021eko erreformetako aspektu atzeragarriak bertan behera uztea edo ez aplikatzea. Horrekin batera, pentsioen eguneratzean benetako KPI berehala gehitzea exijitu dute. Aldi berean, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta lanbide arteko soldata 1.200 eurokoa izatea eskatu dute, “soldata duinik gabe pentsio duinik ez baitago. Horregatik PPren 2012ko lan erreforma bertan behera uzteko promesa bete behar da”. Horri lotuta, genero arrakalarekin bukatzea eta alarguntze pentsioak %100ak izatea nahi dute.  

Pentsiodunen mugimenduak lau urteko borrokak emaitzak ere izan dituela nabarmendu du: “kalean milaka eta milaka pentsiodun egoteak Pentsio Sistema Publikoaren inguruan gobernuek hartu beharreko erabakiak baldintzatu ditu”. Gaineratu dutenez, 2013ko erreformako bi neurri indarrik gabe uztea lortu dute: pentsioak urtero soilik %0,25 igotzea eta jasangarritasun faktorea indarrean ez sartzea eta atzeratzea. Mugimendutik gaineratu dutenez, “erakutsi dugu Gizarte Segurantzaren sistema publikoa erabat bideragarria dela. Eta erakutsi dugu pentsioen dirua erabili dela estatuko aurrekontu nagusiari dagozkion gastuak ordaintzeko”.