Pilota

Ezkurdia-Tolosa vs Altuna-Martija, final kutsua duen lehia

Guaixe 2022ko urt. 14a, 11:00

Larunbatean Labriten jokatuko duten partida irabaztera derrigortuta daude Ezkurdia eta Tolosa Binakako play-offetarako sailkatzeko bidean

Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldia ezinbestekoa da Joseba Ezkurdiarendako eta Xabier Tolosarendako. Sailkapenean azkenak dira, puntu bakarrarekin, eta larunbatean, Labriten, sailkapenean hirugarrenak eta behetik gorako bidean dauden Jokin Altuna eta Julen Martija izango dituzte aurkari. "Ez gaude gustuko genukeen tokian, baina ez gaude hilik. Altunaren eta Martijaren kontrako partida final bat da guretako. Ez badugu irabazten, play-offetara sailkatzea oso zaila izango dugu. Oldarkor jokatu beharko dugu, bestela ez dugu ezer lortuko" azaldu du Ezkurdiak. 

Ez dute lan samurrik, Altunak eta Martijak, Etxeberriko atzelariak bereziki, behetik gora egin dutelako eta azkeneko partidan Irribarriaren eta Rezustaren kontra ikusgarri aritu zirelako. Baina Ezkurdiak eta Tolosak ere itxura oso ona eman zuten: Elezkano eta Zabaleta ederki estutu zituzten, nahiz eta azkenean liderrek partida irabazi. Hortaz, lehia ikusgarria espero da Iruñean. 

Elezkano eta Zabaletak larunbatean jokatuko dute, Zumaian,  Irribarriaren eta Rezustaren kontra. Lidergoari eutsi nahi diote, tentsio handiko partida izango denean. 

Bestalde, gaur, ostirala, Lasok eta Imazek Urrutikoetxearen eta Arangurenen kontra jokatuko dute Buñuelen. Igandean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan Jakak eta Mariezkurrenak Peña eta Albisu izango dituzte arerio. Bukatzeko, Promozioan Bakaikoa-Elizegik Zubizarreta-Eskirozen kontra jokatuko dute larunbatean Labriten.