Urtarrilak 29an mobilizatzearen beharraz

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Zulaika 2022ko urt. 17a, 09:35

Ez dago langile klasearen egoera gero eta okerragoa dela uka dezakeenik. Gaur egun bizi dugun egoera esaldi batean laburtzerik balego, "gero eta pobrezia gehiago eta eskubide gutxiago" egokia litzateke. Egoera hau ausazkoa izatetik urrun, gizarte kapitalistaren krisi testuinguruan ulertu behar da, non, burgesiak abiatutako ofentsiba ekonomiko eta politikoak aski nabariak diren. 

Dimentsio ekonomikoari dagokionez, azken boladan areagotu dira langileok jasaten ari garen etengabeko eraso kontaezinak: Zenbat kaleratze egon dira azken hilabeteetan? Zenbat garestitu da elektrizitatea? Eta alokairua? Egoera ekonomikoa gero eta okerragoa dela begi bistakoa da. Bizitzeko oinarrizkoak zaizkigun produktuen prezioek gora egin dute (%6ko inflazioa), lan ezegonkorrak zein langabezia eguneroko ogi dira eta soldata miserableetara kondenaturik gaude. Honek guztiak ondorio zuzena du, eta bizitzaren garestitzean gorpuzten da.

Ofentsiba politikoari erreparatuz, eskubide politiko eta sozialen urraketa agerikoa da. Enpresari handiak eta politikari profesionalek gero eta testuinguru autoritarioagoa ezarri dute birusaren aitzakiapean; kontrol sozialaren areagotzea eta polizia jazarpena normalizatzen doaz, osasun baliabideak hobetu beharrean.

Hau guztia kontuan izanik, egoeraren kudeaketan alderdi politikoek hartu dituzten erabakiek langile klasearen mesedera egotetik urrun, geratzeko datorren bizi eredu proletarioa finkatzea helburua dutela baieztatu dezakegu. Zentzu honetan, sozialdemokraziaren inpotentziatik kanpo proletalgoaren antolakuntza independente bat aurrera eramatea nahitaezkoa da.

Hartara, Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 29an Iruñean deituriko manifestazioan parte hartzea ezinbestekoa dugu. Basakeria kapitalistaren aurrean oposizio erreala planteatu dezagun.

Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomiko eta politikoa borrokatu!