Pentsiodunen mobilizazioen laugarren urteurrena

Guaixe 2022ko urt. 17a, 11:00

Larunbatean pentsiodunen mugimendua mobilizatzen hasi zela lau urte bete ziren, eta manifestazioa egin zuten Altsasun. Astelehenetan elkarretaratzeak egiten dituztenen "pertseberantzia" goraipatu zuten. Gaur, 12:00etan, udaletxearen parean bilduko dira.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak lau urte daramatza pentsio duinak eskatzen. Larunbatean zenbait herritan eta hiritan manifestazioak egin zituzten, tartean Altsasun ehun bat pertsona kalera atera ziren. "Pentsiodunak aurrera", "pentsiodunak, ez malabaristak", "lapurrak instituzioetatik kanpo", "gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatzen dira", "Osasunbidea defenda dezagun", "osasungintza gaixo dago" izan ziren oihukatutako zenbait lelo. "Gaurko egun honetan garaipen gutxi ditugu ospatzeko". 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eta 1.200 euroko gutxieneko eskatzen dute, besteak beste. Gainera, prezioek gora egiten jarraitzen dutela salatu dute pentsiodunek, eta pandemia hasi zenetik lehen mailako osasun arretaren "hondamen galanta" izan dela kritikatu dute ere.