Pilota

Sorpresaz betetako jardunaldia

Guaixe 2022ko urt. 17a, 13:39

Ezkurdiak eta Tolosak euren bigarren puntua lortu zuten Altunari eta Martijari irabazi eta gero eta Elezkano eta Zabaleta liderrak zazpi tantotan utzi zituzten Irribarriak eta Rezustak

Binakako Pilota Txapelketako bederatzigarren jardunaldiak sorpresa ugari ekarri zituen. Ezkurdiak eta Tolosak Altuna eta Martija izan zituzten aurkari larunbatean Labriten. Altuna eta Martija ziren faborito argiak, baina Ezkurdia eta Tolosa jakitun ziren play-offetara sailkatzeko aukerak izateko jokoan zegoen partida ezinbestekoa zela, arbizuarrak esana zuen oraindik ez zeudela hilda, eta pronostiko guztiak irauliz garaipen garrantzitsua lortu zuten, merezitakoa. 

Partida oso gogorrean, Ezkurdiarik onenaz gozatzeko aukera izan zuten Labriten bildutakoek. Altuna ere ongi aritu zen, eta baita bi atzelariak ere. Horregatik, bi bikoek ez zuten alde handiegirik ateratzea lortu. 18 eta 17 zihoazen aurretik Altuna eta Martija Ezkurdiak eta Tolosak lau tanto segidan egin eta zuzenean garaipenera joan zirenean. Merezitako garaipena izan zen, behar-beharrezkoa zutena. 

Txanponaren beste aldean, Elezkano II.a eta Zabaleta liderrek jipoi gogorra jaso zuten larunbatean, Zumaian, Irribarriaren eta Rezustaren kontra. Irribarria izan zen partida guztia nahieran antolatu zuena, eta Rezustaren laguntzarekin, 7 tantotan utzi zituzten Elezkano eta Zabaleta. 

Sailkapena
Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako bederatzi jardunaldi jokatuta, Elezkanok eta Zabaletak jarraitzen dute lider (7 puntu), Laso-Imazen (6 puntu), Irribarria-Rezustaren (5 puntu) eta Altuna-Martijaren (5 puntu) aurretik. Peña II.a-Albisuk eta Urrutikoetxea-Arangurenek launa puntu dituzte, Jaka-Mariezkurrenak hiru puntu eta Ezkurdia-Tolosak bi puntu.