Koronabirusa Sakanan

COVID-19aren kontrako hirugarren dosia har dezakete 30 eta 39 urte artekoek

Guaixe 2022ko urt. 18a, 11:33

Bi erizain COVID-19 txertoak prestatzen. ARTXIBOA

Osasunbidea adin tarte hori txertatzen aste honetan hasiko da. Txertoa jaso dezakete duela 150 egun baino gehiago txertoa jaso zutenak eta infekzioa duela 27 egun baino gehiago pasa dutenak.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Osasunbideak, 30 eta 39 urte arteko pertsonei COVID-19 gaitzaren kontrako dosi gehigarria hartzeko deia egin die. Horrekin batera, txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko epea atzo zabaldu zuen. Osasunbideak gaztigatu duenez, adin tarte horretako nafarrek datozen egunetan SMS mezu bat jasoko dute hitzordua zehazteko. Hitzorduak lotu ahala, Osasunbidea aste honetan bertan hasiko du haien txertatzea. 

Talde horren xede-populazioa 55.180 pertsonakoa da, baina kontuan hartzen bada azken txertotik 150 egun baino gehiago eta infekzioa igaro zenetik 27 egun baino gehiago igaro behar direla, xede-taldea 35.155ean geratzen da. Talde horretara bidaltzen hasi dira SMSak.

Deialdia 
Osasun Departamentuak dei berezia egiten du gaixotasun kronikoak dituzten eta arrisku egoera bat duten pertsona kalteberei txertoa jartzeko, besteak beste, bihotzeko, biriketako, gibeleko, giltzurrunetako edo neurologia kronikoko gaixotasunak, diabetes mellitusa, immunosupresioa, obesitatea, gaixotasun mental larria edo Down sindromea. 

Nafarroako Osasun Publikoa eta Lan Osasunaren Institutuak astero epidemiologia txostena argitaratzen du. Haren datuen arabera, txertaketa osoak %91ko eraginkortasuna du COVID-19 gaitzaren ondoriozko ospitaleratzeak prebenitzeko, eta %95ekoa dosi gehigarriarekin.

Osasunbideako arduradunek azaldu dutenez, adin talde guztietan txertoa jartzeko aukera irekia da. Nafarrei dei egin diete, ahal dela, hitzordua online kudeatu dezaten, citasalud.navarra.es webgunean. Posta elektronikoz ere egin daiteke, citas.vacunacion@navarra.es helbidearen bidez, edo telefonoz, 948 370 130 telefonora hots eginez. Bestalde, Mutiloan dagoen Forem eraikinean txertaketak segitzen du. Astelehenetik igandera, 08:30etik 19:00etara. Osasun Departamentuak gogorarazi du FOREMen aurretiko hitzordurik gabeko txertoak ematen direla, beti ere, lehenengo dosiak direnean bakarrik.