Pilota

Jokoan dagoen puntua nahi dute guztiek

Guaixe 2022ko urt. 21a, 11:30
Joanes Bakaikoa lehiaketara itzuli da, COVID-19 gainditu eta gero. BAIKO

Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia jokatuko da asteburuan, eta jokoan dauden puntuak ezinbestekoak dira pilotariendako. Promesetan, COVID-19 gaindituta bueltan da Joanes Bakaikoa

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko bost jardunaldi geratzen dira eta oraindik ez dago ezer erabakita. Bikote guztiek dute finalerdietara sailkatzeko aukera. Elezkanok eta Zabaletak jarraitzen dute lider (7 puntu), larunbatean Irribarriaren eta Rezustaren kontra (5 puntu) galdu eta gero. Laso-Imaz bigarren dira (6 puntu) eta Altuna-Martija laugarren (5 puntu). Atzerago daude Peña II.a-Albisu eta Urrutikoetxea-Aranguren, launa punturekin, Jaka-Mariezkurrena (hiru puntu) eta Ezkurdia-Tolosa (2 puntu). Ezkurdiak eta Tolosak bizirik daudela erakutsi zuten eta txapelketako borrokan jarraitzeko puntu oso garrantzitsua lortu zuten larunbatean Labriten, euren bertsiorik onenean eta partida oso borrokatuan Altunari eta Martijari 18 eta 22 irabazi eta gero. 

Asteburuan Binakako hamargarren jardunaldia dago jokoan. Altunak eta Martijak Elezkano eta Zabaleta izango dituzte aurkari larunbatean Labriten, bi atzelari arakildarren arteko borroka izango den partidan. Bi bikoak galtzetik datoz, eta garaipenaren bidera itzuli nahi dute. Ezkurdiak eta Tolosak Irribarriaren eta Rezustaren kontra jokatuko dute igandean Bilbon, euren hirugarren puntua lortzeko animotsu. Ostiralean, Azpeitiak Jaka-Mariezkurrena eta Urrutikoetxea-Aranguren bikoteen arteko partida hartuko du, eta larunbatean, Markina-Xemeinen, Lasok eta Imazek Peña II.a eta Albisu izanen dituzte aurkari.

Bakaikoaren itzulera
Joanes Bakaikoa Promozioko Binakakora itzuli da COVID-19 gaitza gainditu eta gero. Txapelketako zazpigarren eta zortzigarren jardunaldietan Arteagak hartu zuen bere tokia, baina larunbatean frontoira itzuli zen Bakaikoa, eta Elizegirekin batera, 22 eta 13 hartu zituzten mendean Alberdi eta Uriondo. Bakaikoa eta Elizegi liderrak dira (8 puntu), soilik partida bat galduta, eta Salaberria-Erostarbe (7 puntu) dituzte puntu batera. 

Promozio mailako Binakakoan Joanes Bakaikoa eta Iker Elizegi dira liderrak, orain arte jokatutako bederatzi jardunaldietatik zortzi irabazi eta gero. COVID-19 dela eta, Bakaikoak ezin izan zuen zazpigarren eta zortzigarren jardunaldietan aritu eta bere tokia Arteagak hartu zuen, baina larunbatean frontoira itzuli zen Bakaikoa, eta Elizegirekin batera, 22 eta 13 hartu zituzten mendean Alberdi eta Uriondo. Sailkapenean liderrek 8 puntu dituzte eta Salaberria-Erostarbe (7 puntu) eta Zubizarreta-Eskiroz (5 puntu) dituzte atzetik. Hain zuzen ere, larunbatean, Labriten, Bakaikoak eta Elizegik Zubizarreta eta Elizegi izanen dituzte arerio, Promozioko lidergoa jokoan egongo den norgehiagokan.