Astekaria

Ikuskizuna hasi da

Maider Betelu Ganboa 2022ko urt. 25a, 12:30

Igor Arrieta Lizarragak Kern Pharma taldearekin egin du salto profesionaletara. KERN PHARMA

Igandean hasi zen profesional mailako 2022ko txirrindularitza denboraldia. Aurten lau txirrindulari profesional sakandar izango ditugu, bederatzi txirrindulari afizionatu eta lau kirol zuzendari eta txirrindulari taldeetako staffeko hainbat masajista, coach, entrenatzaile, mekanikari eta beste

Ikuskizuna hasi da. Igandean Valentzian jokatutako Clàssica Comunitat Valenciana klasikoak eman dio hasiera profesionalen mailako 2022 denboraldiari. Talde guztiek makineria prest dute eta hasi berri dendenboraldia behar bezala prestatzeko kontzentrazioetan murgilduta egon dira.

Juanjo Oroz Ugalde eta Pablo Urtasun Fernandez urdiaindarra zuzendari dituen Kern Pharma taldeak abenduan egin zuen kontzentrazioa, Altean. Bertan izan zen aurten talde horretan profesional gisa debutatuko duen Igor Arrieta Lizarraga. Taldea egunotan La Vila Joiosan egon da kontzentratuta, eta asteazkenean bertan egin zuten denboraldiko aurkezpena. Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalak azaroan egin zuen aurre denboraldiko topaketa, Iruñean. Josu Etxeberria Azpilikueta iturmendiarrak bere bigarren profesional denboraldiari ekingo dio aurten, eta ikasten jarraitzeko eta saltoa emateko prest dago. Bestalde, ilbeltzaren hasieran aste bateko egonaldia egin zuen Euskaltel-Euskadi Fundazioak Altean, Jorge Azanza Soto kirol zuzendaria buru zela. Pozik dago altsasuarra, denboraldia hasteko gogotsu, sortu duen taldearekin konfiantza handia duela.

Movistar Team taldea aurreko astean Almerian egon zen kontzentratuta. Bi txirrindulari sakandar daude bertan. Imanol Erbiti Ollo hiriberriarrak 17 urte daramatza taldean, eta tropeleko talde gizon preziatuenetako bat jarraitzen du izaten. Bestalde, aurten Movistarrera, etxera itzuli da Gorka Izagirre Insausti ziordiarra, Astana taldetik bueltan. Ilbeltzaren 20an 2022ko taldearen aurkezpena egin zuten, Almerian bertan. Hutsune garrantzitsu bat dago: 10 urtez taldeko kirol teknikari izan zen Jose Luis Arrieta Lujanbio uharte arakildarrarena. Bukatzeko, Israel Premier Teach taldea Tossa de Marren egon zen kontzentratuta aurreko astean, Chris Froome liderra buru zela, eta han egon zen taldeko kirol zuzendarietako bat den Oscar Guerrero Zelaia altsasuarra. Denboraldirako asmo onak ditu taldeak. Joan zen urtera arte taldeko prestatzaile izandako Xabier Zabalo Imaz olaztiarrak badirudi beste bide bat hartu duela.

Beraz, lau txirrindulari profesional sakandar lehiatuko dira hastear dagoen denboraldian: Igor Arrieta, Josu Etxeberria, Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre. Azken orduko aldaketak egon ezean, Pablo Urtasun, Jorge Azanza eta Oscar Guerrero kirol zuzendari lanetan ariko dira, taldeetako staffetako beste hainbat teknikari, masajista, mekanikari eta administrari sakandarrekin batera.

Afizionatuen mailako aldaketak
Afizionatuen mailan, azken orduko aldaketak egon ezean, bederatzi sakandar izanen ditugu tropelean. Iker Mintegi Claver altsasuarrak eta Ailetz Lasa Lizarraga ziordiarrak Laboral Kutxan jarraitzen dute –otsailaren hasieran ekingo diote denboraldiari, Iparraldean–, Iker Cerviño Pueyo irurtzundarrak Telcom taldean segitzen du eta Andoni Ocaña Goikoetxea urdiaindarrak Ciclismo Riojano taldean. Aldiz, Jon Gil Velaz lakuntzarrak Lizartetik Gomur-Cantabria Infinita taldera egin du salto. Rural Kutxa-Alea taldean aldaketak daude: Mikel Olaetxea unanuarrak jarraitzen du, Aitor Alberdi Garziandiak utzi egin du, eta Aralar Txirrindularitza Taldetik Jon Erdozia Gonzalez de Pedrosok eta Martxel Etxeberria Azpilikuetak Rural Kutxarekin debutatuko dute afizionatuetan. Aipatzekoa da Alex Unzilla Aldasoro etxarriarra izango dela Rural Kutxa-Alea afizionatuen mailako entrenatzailea. Aralar klubeko Aitor Ondarrak La Torre taldearekin mustuko du amateur maila. Bestalde, Burunda klubean trebatutako Kortesko Hugo Aznar afizionatuetara pasa da Lizarte taldearekin, eta Sergio Lopezek Telcom taldearekin egin du salto amateur mailara.