Eskaerak ez du etenik: pentsioak, duinak eta publikoak

Guaixe 2022ko urt. 24a, 09:01
Pentsio duinen aldeko manifestariak Altsasun. ARTXIBOA

Horrekin batera, pentsio duinen aldeko mugimenduak pentsioak eta soldatak KPIaren arabera eguneratzea, pentsio eta soldatetan genero arrakalarekin bukatzea, aberastasunaren banaketa justua, osasun zerbitzu publiko egokia eskatu dituzte 

Pentsio duinen aldeko mugimendua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan kontzentrazioak eginen ditu gaur. Mugimenduaren laugarren urteurrena ospatzeko manifestazioak deitu zituzten hilaren 15erako, eta 15.000 bat pertsonak bat egin zuten pentsio duinen aldeko aldarrikapenarekin, Altsasun ehun bat izan ziren. Deitzaileek azaldu zutenez, “mobilizazioek mugimenduak duen mobilizazio gaitasuna eta gizarte erreferentzialtasuna erakusten dituzte”. 

Horrekin batera, berretsi zutenez, “pentsio publiko eta duinen alde, osasun publiko eta kalitatezkoaren alde borrokatzen segitzeko eta langileei kalitatezko enpleguen eta soldata duinen alde elkartasunez laguntzen jarraitzeko borondate irmoa” dute. Mugimenduak 2010 eta 2013 arteko lan eta pentsioen erreformak bertan behera uzteko eskatzen zuen orain arte. Orain 2021eko lan erreforma ere bertan behera uztea eskatu du. Aldarrikatutakoa eskuratzeko mugimenduaren “aniztasuna” nabarmendu zuten, eta “bat etortzea eta koordinazioa “inoiz baino beharrezkoagoak” jo zituzten. Pentsiodunak haien eskaerekin bat egin duten sindikatu gazte erakunde, gizarte mugimendu eta feministen babesa eskertu du. 

Eros ahalmenaren galera
Pentsiodunek larunbatean gaztigatu zutenez, Nafarroan Kontsumo Prezioen Indizeak 2021ean %6,6 hazi zen; pentsioak, berriz, %2,5 besterik ez. Beraz, pentsiodunek %4ko eros ahalmena galdu dute. Eta langileen soldatak Hego Euskal Herrian %1,15 inguru hazi dira, eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata %1,57. Beraz, langileek ere eros ahalmena galdu dute.