Astekaria

UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egin dute eskaera

Guaixe 2022ko urt. 24a, 08:43

UEMAko Aitor Elexpuru eta Behatokiako Agurne Gaubeka Nafarroako Parlamentuan. UTZITAKOA

Gaur egun Nafarroako administrazioarekin herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoen laurdenak ere ezin dira bideratu euskaraz; udalek eta toki erakundeek egin ditzaketenak, berriz, ez dira %3ra ere iristen.

Lehendik bazegoen aukera, baina pandemiak orokortu egin du administrazioaren aurrean tramiteak elektronikoki egiteko aukera. Nafarroako Gobernu, mankomunitate, udal eta bestelako administrazioen aurrean tramiteak online egin nahi dituzten euskaldunek, ordea, ez dute hori euskaraz egiteko aukerarik opatzen. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) zuzendaritzako kide eta Berako alkate Aitor Elexpuruk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubekak azaldu dutenez, “Nafarroako administrazioarekin herritarrek 1.434 tramite telematiko egin ditzakete gaur egun, eta horietatik 334 tramitek (%23,29) soilik eskaintzen dute euskaraz egin ahal izateko aukera”. Gaineratu dutenez, “udalek eta toki erakundeek egin ditzaketen tramite telematikoen kasuan askoz larriagoa da egoera, 778 tramite egin baititzakete, eta horietatik 20 baino (%2,57) ezin baitira egin euskaraz”. 

Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako batzordean asteazkenean egindako agerraldian Elexpuruk eta Gaubekak  Nafarroako Gobernuari “egoerari konponbidea jartzea eta tramiteak euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea” eskatu zioten. Horretarako, bi eskaera egin zituzten: “Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko tramiteak zein bestelako jarduerak euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea, eta herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko zerbitzua berdintasunean bermatzeko langile elebidunak ezartzea”.

Argudioak
Elexpuruk gogorarazi zuen administrazioak bitarteko elektronikoen eta telematikoen alde egiten ari direla “herritarrekiko zein hainbat administrazioekiko zerbitzuetan denbora aurrezteko eta administrazioen garapen neurri gisa”. Aitortu zuenez, “bide telematikoen erabilerak administrazio eginbeharrak sinplifikatzen ditu eta hainbat zerbitzu jasotzeko eta edozein betebehar betetzerakoan erraztasunak eskaintzeko helburua dute. Beraz, erosotasuna, malgutasuna, bizkortasuna eta hainbat garaietara doitzeko erraztasuna eskaintzen dutela aipatu izan du Nafarroako Goberrnuak”.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak nabarmendu zuenez, “azaldutako errealitateak zeharo urratzen du foru arauek eta dekretuek hainbat artikulutan zehaztutakoa. Besteak beste, Nafarroako Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoak euskaraz eta gaztelaniaz egoteko beharra”. Gaubekak gaineratu zuenez, “herritarren arretarekiko eskaintzen diren telefono zerbitzuetan ere euskarazko arreta ez da behar bezala bermatzen, horiek askotan herritarren osasunarekin eta segurtasunarekin lotutakoak izan arren”.

Herritarrek eta udalek dituzten arazoak azaldu ondoren, Elexpuruk eta Gaubekak esan zutenez, “euskara erabili nahi duten herritarrekiko eta udalekiko gutxiespena nabarmena da eta Nafarroa osora zabaltzen da, gaur egungo araudiak ezarritakoak ere ez direla bermatzen”. Horregatik, biek beharrezkotzat jo zuten “eskubideak bermatzeko araudia aldatzea eta lanpostu elebidunak sortzea, eta ez bakarrik legeak ezarritako eremu euskaldunean, jasotzen ditugun zerbitzuek euskararen legeak ezarritako muga horiek zeharkatzen baitituzte”.