Astekaria

Dastaketa bertako alubiak ezagutarazteko

Guaixe 2022ko urt. 27a, 14:02

Arakilen berreskuratutako alubiak dastatu eta ezagutzera emateko dastaketa antolatu zuen udalak abenduan. Hiru babarrun moten balorazio oso ona izan zen. Arakilgo Udalak uste du lekaleen ekoizpen ekologikoa ibarreko lehen sektorea eta gastronomia bultzatzeko aukera egokia dela.

Hiru alubi eltzekada prestatu zituen Etxarrengo Iratzar jatetxeak abenduaren 15ean. Haietako bakoitzean babarrun mota bana zegoen: Eper Begi, Negrica eta Ttoporra. Hiru alubi barietate horiek Arakilgo Udalak sustatutako Bertako Nekazaritza Barietateen berreskurapen proiektuaren bidez berriro ekoiztu ziren 2020. eta 2021. urteetan. Uzta jasota, Arakilgo Udalak Sakanako hainbat nekazari, herritar, dendari eta udal ordezkari gonbidatu zituzten hiru alubi horiek dastatzera eta ezagutzera.

Dastaketan parte hartu zutenek, indibaba motak banan-banan probatu eta baloratu zituzten. Puntuazioa ematerakoan kontutan izan zituzten zaporea, itxura, eta azalaren eta mamiaren ezaugarriak. Dastatzaileek 0 eta 5 arteko puntuazioa eman zuten. Eta ebatzi zuten Eper Begi mota oso ona izan zela (3,35) eta bikainak, berriz, Negrica (4,24) eta Ttoporra (4,56). Dastaketaz aparte, abenduko topaketak babarrun mota bakoitzaren ezaugarri agronomikoak eta haiek lantzeaz arduratu diren nekazari eta herritarren iritziak partekatzeko aukera eskaini zuen. 

Ekoizpen ekologikoa 
Babarrunak, txitxirioak, dilistak… guztiak lekaleak dira. Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak esan duenez, “alubia betiko laborea izan da Sakanan, elikagai moduan oso baloratua eta etxalde askoren ekonomiaren sostengu izan dena. Gaur egun ere, gure dietan hain beharrezkoak diren landare proteinen iturri dira lekaleak”. Hala ere, Sakanan lekaleen ekoizpena ia erabat galdu dela nabarmendu du Olaberriak, “eta, bitartean, merkatuan gertuko lekale ekologikoen eskariak gora eta gora egiten du, haien prezioa nekazariarendako erakargarria bezain duina eginez”. 

Horregatik, Arakilgo alkateak proposatzen du “nekazaritza proiektu iraunkor eta errentagarriak sustatzeko, nekazaritza lurren emankortasuna zaindu eta errotazioak egiteko”. Sakanako gastronomiaren balioa aitortzeko ere “berebiziko aukera eskaintzen dute lekaleek. Are gehiago bertako barietateak izanik, oso preziatuak baitira eta, gainera, gure lur, klima eta kondiziotara egokituak daudelako”. Olaberriak uste du lekaleei “behar duten balioa ematea da erronka, haien ekoizpena bultzatu eta nekazaritza ekoizpenak dibertsifikatzea sustatuz. Lanketa hori estrategikotzat jotzen da Arakilen, baita Sakanan ere, eta horretarako prest ditugu gure tokiko babarrun mota paregabe horiek”. 

Proiektua 
Bertako Nekazaritza Barietateen berreskurapen proiektuaren bidez Arakilgo hainbat nekazaritza barietate zahar opatu dituzte, baita haiei lotutako jakintza tradizionalak ere. Horri esker, desagertzeko zorian zeuden hainbat babarrun mota hartu eta baratzeetan ugaritu dituzte, arakildarren eta nekazari profesional batzuen lanari esker. Abenduan egindako dastaketa tokiko barietateen erabilera hedatzeko eta ezagutzera emateko lanketaren zati da.