Bakaikuko eta Iturmendiko San Anton kofradiak bilduko dira

Guaixe 2022ko urt. 21a, 14:06
Iturmendiko sanantondarrak, atzera ere, igandean elkartuko dira. ARTXIBOA

Pandemiak bigarrenez atzeratu du kofradeen topaketa Dorraon eta Urdiainen. Bakaikun larunbatean eta Iturmendin igandean ospatuko dute. 

San Anton eguna astelehenean izan zen, ilbeltzaren 17an. Animalien zaintzailea da eta egun horrekin Lakuntzako izen bereko ermitan, kanpo santukoan, meza egin zen. Animalien eta haiekin zerikusia duten lanbideen babeslea da da saindua. Horregatik, ibarreko nekazari, mandazain eta abeltzainek beraien babesle gisa izendatu zuten iraganean. Eta haien aldeko kofradiak sortu ere. Haietako lau dira gaur egunera arte iritsi direnak

COVID-19 gaitzagatik Dorraoko San Anton kofradiak aurten ere ez da elkartuko. Kofradia sortu zela 90 urte betetzen dira aurten, 1932an sortu baitzen. Bilkurarik eginen ez denez, Angel Pueio Lizarragak segituko du beste urte batez kofradiako buru izaten. 

Bakaikuko sanantondarrak larunbatean elkartuko dira, baina pandemiagatik egitaraua murriztuko dute. 12:30ean hildako kofradeen aldeko meza izanen da elizan. Ondoren batzarra izanen dute. Joan den urteko akta onartzearekin batera, Mario Gastaminza maiordomoak Eduardo Urrestarazu beleroari utziko dio kofradiaren buruzagitza, eta Urrestarazuren buruzagi laguntzaile postuan beste kofrade bat sartuko da. Larunbatean San Anton kofradiak bere akta liburu berria eta hura gordetzeko intxaurrondoz egindako kutxa aurkeztuko ditu. Kofradiaren hirugarren akta liburua izanen da; aurrenekoak kofradiaren sorreratik, 1715etik, 1857 urtera arte hartu zuen. Bigarrenak, berriz, 1858 eta 2019 urte artekoa hartzen du. 

Iturmendiko San Anton kofradia domekan 10:30ean elizan elkartuko da. Hildako kofradeen aldeko mezaren ondoren apaizaren etxera joanen dira, han kofradiaren batzarra egiteko. Baja edo altarik izan den argitu eta diru kontuak egunean jartzearekin batera, kofradiako ardurak banatuko dituzte. egitekoak despedituta, Aritzaga elkartean anaidiaren bazkaria izanen da. Kofradia Iturmendin 1690. urtean sortu zen. 

San Anton eguna astelehenean izan zenez, Urdiaingo San Anton kofradiako kideek erabaki zuten hildako kofradeen omenezko meza joan den domekan egitea. Hori izanen da sanantondar urdindarrek aurten egiten duten ekitaldi bakarra. Jende jarria direnez, eta pandemiagatik herrian kutsatu asko izan direnez, egin beharreko jarduerak heldu den urterako uztea erabaki dute. Beraz, ez da elkartearen batzarrik ezta anaitasun bazkaririk izanen eta kofradiako buru izaten segituko dute Iñigo Etxeberriak eta Josu Lanasek.