Festan parte hartzea eta festaz beraz gozatzea ez da nahikoa. Oroimena ezinbestekoa da, baita kontaketa ere. Ezagutzaren eta zabalkuntzaren beharra du, memorian bizirauteko, desira eta nahia dira oinarria. Bakarrik modu horretan mantenduko da festa. Soilik horrela ezagutuko dugu bere esentzia.
Baina zer da oroimen hori, tradiziorik gabe. Betebehar sozialik gabe. Beraz, zer dira Gabonak familiarik gabe, zer dira Gabonak ondorengorik gabe. Eta nola ekarri ondorengoak emakumerik gabe. Baina nola egin ondorengoak amatasun sentimendurik gabe.
Amatasunaren beharra ezaugarri biologiko ezinbestekotzat hartzen da sozialki. Emakume on orok nahi izan behar ditu seme-alabak. Argi bada ama izan nahi dela, guztiz normala izango da. Baina ama ez izateko erabakia hartzea akatsa da, une oro zalantzan jarriko dena. "Oraindik ez zaio momentua iritsi, baina iritsiko zaio" esaten da.
Emakumeok presio handia jasaten dugu "erloju biologiko" horren harira. Izan ere, oraindik ere, familiaren sorkuntzaren tradizioa, oso sustrai sendoak dituen sinesmena da. Tradizio honen arabera, ohikoena izango litzateke herritarrok familia sortu nahi izatea. Beraz, gure bizitza desio horri bideratua antolatuko genuke. Ohitura honek noski, indar handiz eragiten du emakumeen desioetan, gure nahietan amatasunaren zentzua inposatuz.
Bada, Dinterrek dio amatasun sentimendua, beste edozein sentimendu bezala, ziurgabea, hauskorra eta inperfektua dela. Eta, agian, jaso ditugun ideien aurka, nahi hau ez dagoela emakumeon pentsamenduan, uste bezain besteko indarrez grabatua.
Beraz, datorren urterako, amatasun sentimenduaren inposiziorik gabeko Gabonengatik topa egin dezagun.