Hara zer dien

Ba al da osasuna lehentasuna?

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde 2022ko urt. 24a, 10:28

Badira bi urte SARS-CoV-2 birusa gure bizitzetara heldu zela. Egoera berrien aurrean, gure bizitzak, ohiturak eta buruak birmoldatu behar izaten ditugu. Baina ez da beti horrela izaten, eta askorentzat errealitateak erakusten duen gordintasuna ez da nahikoa izaten bidea zuzentzeko. 

Hasierako ustekabeko olatuen ondoren ohartu ginen ze puntura arte zen premiazkoa gure osasun zerbitzuen babesa (hobe berandu inoiz ez baino). Baina, urte berria ohitura zaharrak. Azkenengo seigarren olatu honen ondoren, egoera lazgarrian dago Osasunbidea; antigeno falta, aztarnari gabezia, lehen mailako arretan urritasuna… Eta bitartean, Estatuak Nafarroan inbertitutako diru kopuruaren erdia baino gehiago –52 milioi euro– zuzenean AHTri dagokiola jakin dugu. Gauzak horrela, agerikoa da diru publikoaren kudeaketaz arduratzen direnek abiadura handia lehenesten dutela osasunaren aurrean.

Alde batetik, osasun krisi batean bizi garela adierazten digute etengabe komunikabideetatik eta, hortaz, arduratsu jokatu behar dugula. Bestetik, krisi horri aurre egiteko dauden baliabide publikoekin oso bizkor doan tren baten obrara bideratzen dute. Nor da hemen arduragabea? Zein da lehentasuna? Osasuna edo AHT?

Nafarroaren trenaren aldeko plataformaren iritziz, gaur egun dugun trenbide sarearen egokitzapena aurrera eramanez gero, abiadurazko trena ekartzeaz gain, AHTk duen proiektua baino askoz merkeagoa litzateke eta beraz, baliabide publikoak dagozkien beharretara bideratuko lirateke.