Euskara hizkuntzen naufragio erraldoi batetik bizirik atera zen naufrago bakarra da. Hondoratzen ari zen hizkuntza txikien itsasontziaren ohol bati irmoki helduta biziraun zuen. Itsasoan flotatzen egon zen menderen mendetan, eta bere ahaide eta adiskide guztiak ito zirelarik, berak, batek jakin nola, arrisku eta oztopo guztiak gainditu zituen eta garaile atera zen bere uharte isolatu txikian.
Irain, jazarpen, zigor, eta debekuen arrosarioa jasan behar izan zuen, usoa bezain txikia zelako dragoien erresuman.
Halere, banan-banan oztopo guztiak gainditzen zituen arren, gero eta ahulduago zegoen, gero eta txikiagoak ziren bere irlaren mugak eta maite zutenek berek ere esaten zioten hango mendietan babesten zela, zerutik hurbilago hiltzeko.
Baina naufrago batek ez dio inoiz ere bizitzari itzuri egiten. Aitzitik, oholari indar gehiagoz heltzen dio, jantziak urraturik, eskuak umeldurik, baina inoiz ere ez itorik. Indarrak batu zituen eta berriz ere salbatu zen, eskoletan sartuz eta bere hatsa Euskal Herriko txoko guztietara hedatuz.
Indarrak batzeak, ordea, aberastasunak galtzea ekarri zuen. Etxeko hitz eta berezko doinuak bazterrean utzi behar izan zituen. Eta batasunak bidean uzten zuen letra bakoitzeko, arbasoen arimaren zati bat galtzen zen, maitasun hitz oro, noizbait gure amaren ahotik entzun genituenak ere bai.
Horregatik, udaz geroztik Adur, Ainara, Joxe Ramon, Gazte Asanblada eta "Lakuntza auskias" taldeko guztiak egiten ari direna garrantzi handikoa da, gure hitzak, gure ohiturak eta kultura, gure arima gal ez dadin lanean ari direlako. Joan den abenduaren 3an ("Nafarroko egune ta euskeran egune") Leire Lizak bere lehenengo hitza eman zigun "Lakuntzan ze berri" Facebookeko gunean, "Pexixe", eta Jone Aretak Gabon gauean bukaera eman zion (denbora labur batez, ezta?) "Lakuntzeko auskias akordetzen yeiz?" sailari: "Olentzero gabien itxes itxe juaten da opariyek uzten. Guaikoz… azken hitze!"
Mila esker zuei guztioi, hari heltzeko naufragoari ezin ohol sendoagorik emateagatik.