Sormena sustatzeko sariketak prest

Guaixe 2022ko urt. 24a, 10:37

Morkotsek Markotegi sarietarako egindako irudia. SAKANA MANK

Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak ibarreko ikasleendako eta euskara ikasleendako antolatzen dituen literatura lehiaketen 2022ko edizioa martxan jarri du. Lanak martxoaren 31ra arte aurkez daitezke

Sakanako gazteek sormena lantzea da Maria Markotegi sariaren helburua. Ibarrean bizi diren edo ikastetxea duten DBHko lehenengo mailako ikasleek aurkez ditzakete lanak, adinaren araberako sailetan banatuta. Lau sail daude: narrazio laburrak, poesiak, komikiak edo booktubeak. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 31n bukatuko da, eta ikastetxeek ikasleen izenean lanak bidaltzeko aukera izanen dute.

Ikasleen adinaren arabera lau kategoria daude: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. maila, LHko 5. eta 6. maila, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila, eta DBHko 3. eta 4. maila. Lau kategoriako ikasleek narrazio laburrak, poesiak eta komikiak sailetan parte har dezakete, baina booktubeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek aurkez ditzakete bakarrik.

Lanak originalak, aurrez saritu eta argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira. Gaia librea da, booktubeetan izan ezik; izan ere, booktubeak liburu baten inguruko bideo bat egitean datza. Lanen luzera kategorien araberakoa izanen da: narrazio laburretan lehenengo kategorian gutxienez orrialde bat aurkeztu behar da, eta laugarren kategorian, gehienez, zazpi orrialde. Poesiaren atalean gutxienez hamar lerro eta gehienez, laugarren kategorian, 80 lerro eta komikiaren kasuan orrialde bat eta bost orrialderen tartea dago, kategorien arabera. Booktubeen kasuan gutxienez 1,5 minutuko bideo bat egin behar dute hirugarren kategoriakoek, eta gehienez hiru minutukoa sortuko dute laugarren kategorikoek.

Sakanako Mankomunitateak ere lanak aurkezteko modua zehaztu du: narrazio laburrak eta poesiak 12 puntuko hitz tamainan aurkeztu behar dira eta ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira. Komikien kasuan DIN-3 tamainakoak izatea gomendatzen dute, eta eskuz egindakoak izan behar dute. Lanak bakarkakoak izanen dira, booktubeak izan ezik, binaka egin daitezkeelako.

Aurkezpena
Lanak plika sisteman aurkeztuko dira, hau da, lan guztiek goitizen batekin izenpetuko dira eta aparteko gutun azal batean egilearen datuak sartuko dira antolakuntzak banatutako ereduan idatzirik. Lan bakoitzak bere gutun azala eta plika izanen ditu. Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako bulegoan aurkeztu behar dira lanak. Beste aukera bat mankomunitatearen webgunetik aurkeztea da. Bestetik, booktubeak USB batean egoitzan edo Wetransfer bidez bidaliko dira euskara1@sakana-mank.eus helbidera.

Sari banaketa ekitaldi publiko batean egitea aurreikusten du Sakanako Mankomunitateak. Guztira, 28 sari banatuko dira, ikasmaila eta kategoria bakoitzeko bat. Adin kategoriaren arabera, liburu denda batean erabiltzeko 50, 70, 90 eta 110 euroko txartelak banatuko dituzte irabazleen artean. Aurkezten diren lan guztien egileek oroigarria jasoko dute

Nanoipuinak
Nanoipuin saria euskara ikasleek edo Mintzakide programako parte hartzaileek aurkez dezakete 100 eta 150 hitz tarteko lanak. Hiru maila daude: A1 eta A2 ikasleena, B1 ikasleena eta B2 eta C1 ikasleena. Mintzakideen kasuan euskara ezagutzaren arabera dagokien kategorian parte ahal izanen dute.

Sakanako Mankomunitateak euskaraz ikasleendako eta mintzakideendako Nanoipuinak egiten ikasteko lantegia antolatu du Etxarri Aranatzen, Yolanda Arrietarekin, otsailaren 22an, 09:30ean edo 19:00etan. Itsasi euskaltegian edo Sakanako Euskara Zerbitzuan eman daiteke izena. Idazlanak aurkezteko azken eguna martxoaren 31 izanen da, eta Internet bidez bidaliko dira sakana-mank.eus webgunetik. Parte hartzaile guztiek oroigarria jasoko dute, eta saridunek 150 euroko txartel bana jasoko dute liburudendetan erabiltzeko.