Pilota

Ezkurdia modu guztietara saiatu zen, baina Irribarria gailendu zitzaion

Guaixe 2022ko urt. 24a, 11:30
Ezkurdiari eta Tolosari Binakako play-offetarako sailkatzeko bidea izugarri zaildu zaie. ARTXIBOA

Binakako Txapelketako hamar jardunaldi jokatuta, Elezkanok eta Zabaletak jarraitzen dute lider nahiz eta larunbatean Altunaren eta Martijaren kontra galdu izan (22 eta 13). Ezkurdiak eta Tolosak ezin izan zuten Irribarriaren eta Rezustaren kontra (10 eta 22)

Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldiak berea ekarri du. Elezkano eta Zabaleta liderrek euren bigarren partida galdu zuten jarraian, larunbatean Labriten jokatutako partida ikusgarrian Altuna III.a eta Martija nagusitasun handiz gailendu baitzitzaien (22 eta 13). Hasieran bi bikoak parez pare ibili ziren, baina bederatzigarren tantoko berdinketaren ondoren Altunak eta Martijak sei tanto egin zituzten jarrian, alde handia ateraz. Zabaletak zenbait akats egin zituen, Martijak ongi eutsi zuen eta Altunak tanto ikusgarriak egin zituen. Azkenean, 22 eta 13 gailenduta euren seigarren puntua lortu zuten Altunak eta Martijak. 

Joseba Ezkurdiak eta Xabier Tolosak Iker Irribarria eta Beñat Rezusta izan zituzten aurkari igandean Bizkaia pilotalekuan. Iker Irribarria izan zen partidako protagonista, eta berak ezarritako erritmoa jarraitu behar izan zuten gainontzekoek. Dirdirarik gabeko partida tristean, Irribarriak eta Rezustak ia ez zieten aukerarik eman Ezkurdiari eta Tolosari, eta nahiz eta Ezkurdia modu guztietara saiatu, ezinezkoa izan zen Aramako aurrelaria geldiaraztea. Hasieratik Ezkurdia ekiditen saiatu ziren Irribarria eta Rezusta. Atzeko koadroetan Rezustak Tolosari ia uneoro erakutsi zion bizkarra, eta gutxika aldea ateratzen hasi ziren gipuzkoarrak. 2 eta 9 aurreratu ziren berehala, eta partidak modu bertsuan jarraitu zuen. Azkenean, 10 eta 22 gailendu ziren Irribarria eta Rezusta, garaipen nahiko erosoa lortuz. Galdu eta gero, Ezkurdiari eta Tolosari Binakako finalerdietarako play-offetara sailkatzea izugarri zaildu zaie.

Gainontzeko partidei dagokienez, Lasok eta Imazek 14 eta 22 galdu zuten Peña II.aren eta Albisuren kontra, eta Urrutikoetxeari eta Arangureni 12 eta 22 irabazi zieten Jakak eta Mariezkurrenak. 

Sailkapena, estu
Gauzak horrela, sailkapena estuago dago orain. Elezkano II.ak eta Zabaletak jarraitzen dute lider (7 puntu) baina soilik puntu bat ateratzen diete Irribarria-Rezustari, Laso-Imazi eta Altuna-Martijari. Peña II.a eta Albisuk 5 puntu dituzte, Jaka-Mariezkurrenak eta Urrutikoetxea-Arangurenek launa puntu eta Ezkurdiak eta Tolosak ixten dute sailkapena, bi punturekin. 

Promozioa: Bakaikoa-Elizegi, nagusi
Promozioko Binakakoan sekulako mailan jarraitzen dute Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik. Larunbatean Labriten jokatutako hamargarren jardunaldian sekulako erakustaldia eman zuten eta hiru tantotan utzi zituzten Zubizarreta III.a eta Eskiroz. Txapelketako lider sendo jarraitzen dute (9 puntu), Salaberria-Erostarberen aurretik (8 puntu). Datorren astelehenean, ilbeltzaren 31n, 5 punturekin sailkapenean hirugarren diren Victor eta Gaskue izanen dituzte aurkari Beotibarren jokatuko den partidan.