Txirrindularitza

Josu Etxeberria eta Igor Arrieta Mallorcako Challengean

Guaixe 2022ko urt. 26a, 12:30
Josu Etxeberria, ezkerrean, Mallorcan entrenatzen. RURAL KUTXA-SEGUROS RGA

Gaur, asteazkena, hasiko da Challengea. Bost lasterketa dira guztira. Josu Etxeberria osteguneko eta igandeko etapetan lehiatuko da, eta Igor Arrieta gaurkoan, asteazkenekoan, ostiralekoan, larunbatekoan eta igandekoan

Gaur hasiko da profesional mailako Mallorcako Challengea. Guztira bost lasterketek osatuko dute proba: Trofeo Calvià, Trofeo Port d´Alcúdia, Trofeo Serra de Tramuntana, Trofeo Pollenca eta Trofeo Playa de Palma lasterketek. Challengean ekingo diote denboraldiari txirrindulari profesional askok. Challengean egun bakoitzean talde bakoitzak zazpi txirrindulari aurkez ditzake gehienez eta talde bera ez da egunero aritzen. 

Tartean dago Kern Pharma taldearekin profesional mailara saltoa egin duen Igor Arrieta Lizarraga. Gaur, asteazkeneko trofeoan, ostiralekoan, larunbatekoan eta igandekoan aritzekoa da Igor Arrieta, eta oso gogotsu dago uharte arakildarra. Josu Etxeberria Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin lehiatuko da Mallorcan. Txirrindulari iturmendiarrak igandean eman zion hasiera denboraldiari, Classica Comunitat Valenciana klasikoan, baina ez zuen zortea alde izan, erorikoa izan baitzuen. Zorionez, ez zen ezer larririk izan eta Mallorcan lan ona egin nahi du. Osteguneko eta igandeko etapak jokatuko ditu, eta “ilusio handia” duela aitortu du. Movistar Team taldeak aurkeztu duen hamahirukoan ez daude ez Gorka Izagirre ez Imanol Erbiti