Areto futbola

Aralar Mendik eta Xotak Kopako lehen faseari bukaera emango diote

Guaixe 2022ko urt. 27a, 09:00
Aralar Mendiren eta Xotaren arteko derbia.

Igandean Kopako multzoen arteko faseko azken jardunaldia jokatuko du, Anaitasunaren kontra. Xotak Universidad de Navarra hartuko du larunbatean Atakondoan

Nafarroako Hirugarren Mailako Kopan bosgarren jardunaldia jokatu da asteburuan. Lehen multzoan Aralar Mendik Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartu zuen, arerio zuzena. Bi taldeek lehia oso estua izan zuten eta Xabier Cruzek Aralar Mendi aurreratzea lortu zuen, uharte arakildarren pozerako. Aralar Mendi saiatu zen eta ongi aritu zen, baina 38. minutuan Vulcanizados Ruizeko Alvaro Beristainek bana berdintzea lortu zuen eta horrela despeditu zen lehia. Sailkapenean Ribera de Navarra da lehena (15 puntu), Vulcanizados Ruiz Tafa bigarren (10 puntu) eta Aralar Mendi hirugarren (4 puntu). Asteburuan lehen faseko azken jardunaldia jokatuko da eta sailkapenean azkena den Anaitasunaren kontra jokatuko du Aralar Mendik igandean, 13:00etan, Anaitasuna pabilioian. 

Bigarren multzoan, Irurtzungo Xotak Universidad de Navarra bigarren sailkatua hartuko du larunbatean, 16:00etan, Atakondoan, Kopako multzoen arteko faseko azken partidan. Xota azkena da sailkapenean eta aurrera egiteko ez du aukerarik, baina txapelketari amaiera ona eman nahi dio.