Sakandarrek ibarra hobeki ezagutzeko ahaleginarekin segitzen du Mintzakide programak. Lastailean Hiriberri Arakil eta Egiarretako eta azaroan Etxarri Aranazko basoak ezagutzeko aukera eman eta gero, igandean Urdiaingo igerilekuen ondoan Sarabe ibartxoa ezagutzeko aukera izanen dute mintzakideek eta euskara praktikatu nahi duten guztiek. Urdiaingo igerilekutik abiatuko den ibilaldia egiten dutenek Iruritako gaztelua eta Aitziber ermita ezagutzeko aukera izanen dute. Baita San Migel ermitaren aztarnak ere.
Mintzakide programa ez da halako irteerak antolatzera mugatzen. Bere egiteko nagusia euskara praktikatzeko espazio txiki eta erosoak sortzea da. Hau da, ikasten ari delako, hitz egiteko ohitura galdu edo dena delako arrazoiren batengatik euskara hitz egiteko erraztasuna ez duten hiruzpalau pertsona elkartzen ditu. Haiekin hizkuntza dakien beste pertsona bat izaten da. Guztiak astean behin elkartzen dira, ordu batez. Eta nahi duten jarduera egiten dute: kafea hartu, poteoan ibili, zinemara joan, ibili, mendira joan… Mintzakide izan eta halako taldetxo batean euskara praktikatu nahi dutenek 600 482 024 telefono zenbakira hots egin edo hara Whatsapp mezua bidali dezakete. Izen ematea dohainik da.
Herria | Eguna | Ordua | Tokia |
Irurtzun | Asteartea | 18:00 | Iratxo elkartea |
Ostirala | 09:00 | Pikuxar | |
Ostirala | 19:00 | Pikuxar | |
Lakuntza | Osteguna | 18:00 | Tokiz txandakatzen da |
Arbizu | Osteguna | 18:00 | Juanito taberna |
Iturmendi | Astelehena (bi astean behin) | 19:00 | Aritzaga elkartea |
Altsasu | Astelehena | 16:00 | Koxka |
Osteguna | 10:00 | Kukuerreka elkartea | |
Osteguna (bi astean behin. Euskalkia praktikatzeko) | 20:00 | Lezea | |
Ostirala | 09:00 | Kaixo | |
Ziordia | Ostirala | 16:00 | Liburutegia |