26 proiektuk, jarduerak eta programek jaso dute Nafarroako Gobernuaren kultur mezenasgoaren Mecna izendapena. Horien artean Sakanako hiru egitasmo daude. Hamasei gizarte intereseko proiektu eta kultur jarduerak dira. Horien artean dago Irurtzungo Aizpea euskara taldeak eta Pikuberri elkarteak aurten herrian euskara eta kultura sustatzeko egitasmoa.
Aralarko santutegiak ere Mecna izendapena eskuratu du. Santutegiko arduradunek 2030 urtera arteko estrategia plana egina dute. Horren barruan, lehenengo fasean Lakuntzetxe berritzeko lanak daude. Eraikinaren hiru solairutan interpretazio gunea egin nahi dute. Bigarren fasean ostatuko harrera, denda eta komunak berritu nahi dituzte. Eta, hain zuzen ere, lan horiei bultzada emateko balioko du Mecna izendapenak. Plana hirugarren fasearekin osatuko litzateke, ostatua zahar berritzearekin. Bisitariei zerbitzu hobea emateko irabazi asmorik gabeko turismo iraunkorreko enpresa soziala sortuko dute. Gainera, San Migeli debozioa dioten tokiek osatutako sarea osatu eta Europako kultur ibilbide izendapena lortzeko lanean ari dira.
Azkenik, hamar kultura proiektu eta jardueren programek jaso dute Mecna izendapena. Eta gizarte intereseko kalifikazioa merezi dutenen artean dago Guaixe fundazioa, Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituena.
Nola laguntzen da?
Kultur Mezenasgoa arautzen duen Foru Legean sartu eta mezena ekarpenak jaso ahal izanen dituzte, pizgarri fiskalekin. Gobernuaren aitorpen horri esker, egindako ekarpenek zerga pizgarriak izanen dituzte, bai pertsona fisikoendako, bai enpresendako. Partikularren kasuan, errenta aitorpenaren kuotaren %80ko kenkaria ahalbidetzen du lehen 150 euroen kasuan, eta %40koa gainerakoetan. Enpresen kasuan, emandako zenbatekoak Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria murrizten du, gastu kengarritzat hartzen baita, eta, gainera, kuota likidoaren %30eko kenkaria lortzen da lehenengo 300 euroetan eta %20koa hurrengoetan.
Gaur egun, 120 proiektuk baino gehiagok dute Mecna bereizgarria. Maiatzean irekiko da 2022ko lehenengo epea, kultur proiektu eta ekimenen gizarte-intereseko adierazpena lortzeko eskabideak aurkezteko.