COVID-19 gaitzak “eragindako garai zailetan agerian geratu da lehen sektoreak eguneroko bizitzan duen garrantzia, elikagai osasungarri, nutritibo eta aberatsez hornitzen baikaituzte etengabe. Hala ere, batzuetan, gure errutinarako hain beharrezkoa den lehen sektoreko lana ez da behar bezala aitortzen”. Hala uste dute Cederna Garalur elkartean. Horregatik, Etxean, etxekoa kanpaina jarri du martxan, Nafarroako Mendialdean lehen sektorean diharduten langileei gizartearen aurrean balioa emateko.
Garalurrek kanpaina horren bidez “tokian tokiko produktuak erostea kontsumo mota logiko eta naturalena” dela defendatzen du elkarteak, “gure erkidegoan inbertitzeko eta lehen sektoreko hainbat lerrok egiten duten lan bikaina eskertzeko aukera ematen digulako”. Nafarroako Mendialdeko eskualdeetatik datozen produktuak tokiko establezimenduetan identifikatzen laguntzeko etiketa bat diseinatu du Garalaurrek, horrela horien kontsumoa sustatzeko.
Prestakuntza ere
Elkarteak Lehen Sektorearen Balorizazioa proiektua du esku artean, eta aipatutakoa haren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da. Ekimenaren helburua da “lehen sektoreak landa inguruneetan enplegua sortzeko, gure herrietan merkataritza sustatzeko eta elikadura aberats, osasuntsu eta arduratsu baten alde egiten duen lana aitortzea”.
Herritarrak kontzientziatzeaz aparte, proiektuak lehen sektorean lan egiten duten pertsonak eta taldeak kontzientziatu nahi ditu. Horretarako, Garalurrek hainbat saio antolatu ditu, parte hartzaileek beren produktuei eta jarduerei buruz gogoeta egiteko, beren lanak gure ingurunean, landa eta hiri ingurunean, duen balioa eta eragina aldarrikatzeko estrategiak garatuz. Aipatu proiektuak Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren finantziazioa du, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programaren bidez.