Pilota

Binakakoan guztia jokoan: lehen postua, eta beheko zuloa

Maider Betelu Ganboa 2022ko urt. 28a, 13:30
Albisu, Peña, Ezkurdia eta Tolosa atzo, osteguna, Labriten egindako material aukeraketan. ASPE

Zabaletak eta Elezkanok bolada txarra atzean uzteko konfiantza dute. Gaur, ostirala, lehen postua dute jokoan Lasoren eta Imazen kontra. Ezkurdia eta Tolosa irabaztera derrigortuta daude finalerdietarako play-offetara sailkatzeko aukera izaten jarraitzeko. Martija eta Altuna goiko postuetarako borrokan daude 

Aurretik estu bazegoen, Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldiak are gehiago estutu zuen Txapelketa. Elezkanok eta Zabaletak bigarren partida jarraian galdu zuten, eta nahiz eta lider jarraitu (7 puntu), puntu bakarrera hiru bikote dituzte: Irribarria-Rezusta, Laso-Imaz eta Altuna-Martija. Peña II.a eta Albisuk 5 puntu dituzte, Jaka-Mariezkurrenak eta Urrutikoetxea-Arangurenek launa puntu eta Ezkurdiak eta Tolosak ixten dute sailkapena, bi punturekin. Beraz, lau jardunaldiren faltan, asko dago erabakitzeko.

Txapelketa pil-pilean dago eta asteburuan jokatuko den hamaikagarren jardunaldia, beraz, emozio handikoa izango da, sailkapeneko lehen postua baitago jokoan. Elezkanok eta Zabaletak Laso eta Imaz izango dituzte aurkari gaur, ostirala, Hendaian. Partidak ikusmin handia piztu du, salgai jarri diren 900 sarrerak ia agortuta baitaude. Aspaldiko partez, goi mailako pilota Hendaiara itzuli da. "Hendaiakoa frontoi berezia iruditzen zait. Gustuko dut, zoru azkarra baitu. Pilota ez da indar askorekin ateratzen, baina pilotaleku ona da. Ostiralean gustura etorriko gara horrenbeste zaleen aurrean jokatzera" azaldu zuen asteazkenean Zabaletak Hendaian, material aukeraketan.

Etxarrengo atzelariak aitortu duenez, Binakakoan "soilik bi partidetan" eman du bere maila. Besteetan kosta egin omen zaio hasi eta buka ondo aritzea. Konfiantza pixka bat falta zaiela uste du, baina suspertuko direla argi du. Txapelketan bikote oso indartsuak daudela dio, eta txapelketa "oso lehiatua eta estua, polita" izaten ari dela. Lasoren eta Imazen kontrako partida "gogorra eta zaila" izango dela aurreikusten du, "Unai oso indartsu" dabilelako, baina azken bi jardunaldietako bolada txarra atzean uzteko konfiantzarekin dago.

Altuna eta Martija Elezkanoren eta Zabaletaren kontra sekulako erakustaldia ematetik iritsi dira hamaikagarren jardunaldira. Behetik gora egin dute, eta gora begira jarri dira. Jaka eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari igandean Donostiako Atano III.ean, eta zazpigarren puntua lortu nahi dute bai ala bai. Tentsio handiko partida izango da hau ere.

Txanponaren beste aldean daude Ezkurdia eta Tolosa. Irribarriaren eta Rezustaren kontra jipoi ederra jaso zuten aurreko asteburuan eta finalerdietarako play-offetarako sailkapena oso zaila jarri zaie. Sailkatu ahal izateko, laburbilduta, geratzen diren lau partidak irabazi beharko lituzkete, tanto averagean gailendu, eta beste emaitza batzuen esperoan egon. Hortaz, Ezkurdiarendako eta Tolosarendako final handiak izango dira ligaxka despeditzeko geratzen diren lau jardunaldiak. Larunbatean, Labriten, bolada oso onean dauden Peña eta Albisu izango dituzte aurkari, eta dena eman beharko dute ezinbestekoa duten puntua lortzeko. Bukatzeko, Irribarriak eta Rezustak Urrutikoetxea eta Aranguren izango dituzte aurkari astelehenean Beotibarren.

Bakaikoa-Elizegi, lider
Promozioko Binakako Txapelketan sekulako mailan jarraitzen dute Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik. Aurreko asteburuan hiru tantotan utzi zituzten Zubizarreta III.a eta Eskiroz. Txapelketako lider sendoak dira (9 puntu), Salaberria-Erostarberen aurretik (8 puntu). Larunbatean, Labriten, sailkapenean 5 punturekin hirugarren diren Victor eta Gaskue izanen dituzte aurkari, oso lehiatua aurreikusten den partidan.