Atletismoa

Orain arteko hasierarik hoberena

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 1a, 13:30

June Kintana, jaurtiketa egiteko prest. ASIER COTELO

June Kintanak ilbeltzaren 22an hasi zuen denboraldia, Leonen, 52:34 metroko disko jaurtiketarekin, orain arte egin duen denboraldi hasierarik onena. Sentsazioak onak direla dio eta asteburuan Nafarroako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa du jokoan

Ilbeltzaren 22an hasi zuen 2022 denboraldia June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak. Kintana Leonen egiten ari da albaitaritza ikasketak eta Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan trebatzen da, eta asteburuan Leongo atletismo kontrol batean parte hartu zuen, gaztelarrendako euren jaurtiketa luzeen txapelketa autonomikoa zenean. “Hemen zenez, aprobetxatu nuen eta denboraldiko lehen jaurtiketa luzea egin nuen. 52,34 metroko jaurtiketa egin nuen, eta, egia esan, oso pozik nago. Uste dut aurtengoa orain arte izan dudan denboraldi hasiera hoberena izan dela” aitortu du atleta bakaikuarrak. 

Entrenamendu saio batetik ateratzen harrapatu genuen Kintana, eta hurrengo erronka asteburuan, otsailaren 5ean eta 6an Iruñeko Larrabiden jokatuko den Nafarroako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa izango da. “Leongo kontroleko sentsazioak onak izan ziren, entrenatzen ongi ari naiz, eta ea zer moduz ateratzen den Nafarroakoa” dio. Lan ona egiteko itxaropena du. 

Aurten entrenamenduekin lasaiago ari dela aipatu du Kintanak. Nafarroakoaz gain, neguko denboraldiko helburu nagusienetako bat otsailaren 19an Motrilen jokatuko den Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa da. Sentsazioak “onak” direla berretsi du, eta “pozik” dagoela. 

Ruben Mendieta txapeldunorde Zaragozan
Ilbeltzaren 22an Zaragozako Hiria Ibercaja Pista Estaliko Atletismo Trofeoa jokatu zen. 800 metroko gizonezkoen finalean lehiatu zen Ruben Mendieta Alegria olaztiarra (Grupompleo Pamplona At.). Mohamed Attaoui (Atletismo Torrelavega) izan zen azkarrena (1:52.20), eta haren atzetik sartu zen Ruben Mendieta, segundo batera (1:53.87). 

Nafarroako Pista Estaliko Txapelketa
Ilbeltzaren 23an Nafarroako Pista Estaliko Atletismo Txapelketa jokatu zen Donostiako Belodromoan, Nafarroan ez baitago atletismo pista estalirik. Bi sakandarrek hartu zuten parte: Israel Arbizu Alberto etxarriarrak (Hiru Herri), Iraitz Senar Asurabarrena lakuntzarrak (Beste Iruña) eta Isidro Asurabarrena Lopez altsasuarrak (Ardoi). Israel Arbizu gizonezkoen 1.500 metroko A finalean lehiatu zen eta seigarren sailkatu zen (4:09.49), Atarratze Beñat Rota Villanueva (Hiru Herri) txapeldunetik 10 segundora (3:59.56). 1.500 metroetako C finalean hirugarren sailkatu zen Isidro Asurabarrena (4:59.38), Iñigo Guinea Pro irabazletik (4:09.34) 50 segundora. 

Iraitz Senarrek gizonezkoen 3.000 metroko finalean parte hartu zuen. Lan ona egin zuen lakuntzarrak, bosgarren sailkatu baitzen (9:14.71), Atarratze Beñat Rota Villanueva txapeldunetik 23 segundora (8:51.01).