Automobilismoa

Besga, Goikoetxea, Iribarren eta Gaulabur, sarituak

Guaixe 2022ko ots. 1a, 12:30

Iñaki Gaulabur, artxiboko argazkian. GOTZON MOTORSPORT

2021eko Nafarroako Automobilismo Txapelketetako sariak banatuko ditu federazioak, eta tartean Sakana Motorsporteko bina pilotu eta kopilotu daude

Nafarroako Automobilismo Federazioak 2021eko Nafarroako Automobilismo Txapelketetako sarituak erabaki ditu, eta saritutakoen artean Sakana Motorsport taldeko pilotuak eta kopilotuak daude. 

Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketan Eneriz Besga pilotu olaztiarrak bigarren klaseko pilotu onenaren saria jasoko du eta Javier Goikoetxeak bigarren klaseko kopilotu onenaren saria. Lur Gaineko Nafarroako Rally Txapelketari dagokionez, David Iribarrenek kopilotu onenaren saria jasoko du. Autokrosean Iñaki Gaulabur pilotu ergoendarrak Car Cross mailako bigarren saria jasoko du, eta slalomean Iñaki Gaulaburrendako izango da monoplazen kategoriako bigarren saria. 

2022ko egutegi probisionala
Nafarroako Automobilismo Federazioak 2022 urteko automobilismo egutegi probisionala argitaratu du. Egutegian Sakanan burutzekoak diren hiru proba jasotzen dira: apirilaren 23an Asfaltoko Rallya jokatzekoa da Olaztin, uztailaren 2an Asfaltoko Rallya Irurtzunen eta urriaren 8an Urbasako Igoera Mendi Txapelketa, azken orduko aldaketarik ez badago.