Pilota

Binakakoa: lider aldaketa eta azkenekoen susperraldia

Guaixe 2022ko urt. 31a, 10:48
Ezkurdiak eta Tolosak garaipen garrantzitsua lortu zuten eta bizirik daudela erakutsi zuten. ASPE

Zabaletak eta Elezkanok lidergoa galdu dute Lasoren eta Imazen kontra galdu eta gero.  Altunak eta Martijak puntu garrantzitsua lortu dute eta Ezkurdiak eta Tolosak bizirik jarraitzen dute, Peñaren eta Albisuren gainetik pasa eta gero

Aspaldiko Binakako Pilota Txapelketa estuenaren aurrean gaude. Asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatu zen eta egoera are gehiago korapilatu da, bai goiko postuetan, eta baita beheko postuetan ere. 

Elezkanok eta Zabaletak ostiralean lidergoa izan zuten jokoan Lasoren eta Imazen kontra, ikusmen handia piztu eta beteta zegoen Hendaiako pilotalekuan. Partida lehiatua izan zen, oso estua, lehen zatian bereziki. Elezkano eta Zabaleta 12 eta 7 aurreratu ziren, baina bigarren zatian finago aritu ziren Unai Laso eta Ander Imaz: partidari buelta ematea lortu zuten eta 15 eta 22 gailendu ziren, Elezkanoren eta Zabaletaren konfiantza faltaren aurreran. Imazek oso ongi eutsi zion Zabaletari, eta Unai Lasok erasokor jokatu zuen, beldurrik gabe, eta pisu handia duen garaipena lortu zuten. Sailkapeneko lehen postua galdu zuten Elezkanok eta Zabaletak, Irribarriaren eta Rezustaren alde, eta emaitza horrek sailkapeneko goi postuak estutu ditu. 

Bestalde, larunbatean Iruñeko Labriten erakustaldi itzela eman zuten sailkapenean azkenak diren Ezkurdiak eta Tolosak Peña II.aren eta Albisuren kontra. Arbizuko aurrelaria hasieratik partidan oso sartuta ibili zen eta errezitaldi ederra eskaini zuen. Mota guztietako tantoak atera zituen txisteratik, eta lehen unetik partidaren erritmoa ezarri zuen. Haren aginduetara egin behar izan zuten dantza gainontzekoek. Peñari ez zitzaion gustura ikusi hasieratik. Akats nabarmenak egin zituen eta oso deseroso ibili zen, bere tokia aurkitu gabe. Atzean, Tolosa ongi aritu zen kantxan, Albisu ez bezala. Azkenean, 22 eta 8 gailendu ziren Ezkurdia eta Tolosa, maisuki jokatu eta gero. Bikoak geratzen zitzaizkien lau finaletatik lehena irabazi zuen, eta bizi-bizirik daudela erakutsi dute. 

Azkenik, atzo, igandea, Altunak eta Martijak garaipen sendoa lortu zuten Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra igandean Donostiako Atano III.ean. Martija oso ongi aritu zen atzeko koadroetan, behetik gora egin zuen nabarmen eta sekulako erakustaldia egin zuen, sotamano ikusgarriak tarteko, eta aurreko koadroetan Altuna ikusgarri ibili zen. Aldiz, Jaka eta Mariezkurrena deseroso plazaratu ziren, euren onena ezin emanez, nahiko irregular.  Etxeberriko atzelariak eskuko arazoak guztiz gainditu dituela azaldu zuen, eta azken txanparako gogotsu eta haizea lagun dago bikotea. 

Sailkapena, estu-estu
Hamaikagarren jardunaldiak sailkapena eraldatu du. Lau bikote daude sailkapenaren buruan zazpina puntutara berdinduta: Irribarria-Rezusta liderrak, Laso-Imaz, Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija. Peña II.ak eta Albusuk bost puntu dituzte, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrena II.ak launa puntu, eta Ezkurdia-Tolosak hiru puntu. Beraz, txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, guztia dago erabakitzeko. Bai zuzenera finalerdietara sailkatuko diren lehen bi postuak, eta baita finalerdietako ligaxkarako sailkatuko diren lau postuak. Eta bikote guztiek dute aukera bietako batean sailkatzeko.