Astekoa

Iruñean Laba. Magma bor-bor

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2022ko urt. 31a, 10:57

Iruñeko epizentroan, egongelan, hots, Gaztelu Plazan. Hantxe sortu da euskalgintza aberastu eta sormenez nahiz ekimenez jantzi nahi duen elkargunea. Laba du grazia eta hainbat gazte euskaltzale gartsuk abiarazi dute proiektua berriki, luzaz eragitekotan.

Globalizazioak hizkuntza gutxiagotuei beste koxka bat estutu die haien garabide eta arnasguneetan; hau honela ingelesak, txinerak, arabierak, errusierak... baita gaztelaniak eta frantsesak ere oinpean dauzkaten hizkuntza eta kultura "ttikiak" itokarrean edukitzeko tresna berriak dauzkate eskura
egun.

Geureari dagokigunez, azken hamarkadetan Euskararen espazioak zabaltzen eta gehitzen ari ziren arren, hainbat alarma larri piztu dira, batik bat ahozko eguneroko erabileran.

Bada, Iruñeko neska-mutil zangar hauek, negar eta kexari muzin, eta xede berriak lantzeari eta eskaintzeari ekin diote. Aurreko hamarkadetan egosten ari zen euskalgintzaren magma hori batu, prestatu eta indar askatzaile eta eraginkorra bilakatu nahi dute. Ilusioz eta grinaz, dizdira begietan eta alaitasun kutsagarriz aurkeztu dute euren egitasmoa, urteetan metatu energia horri erakusleiho garbi eta txukuna eskaini nahi diotelarik hiriaren erdi-erdian, eta oholtza, kafetegi, ideia mintegi edota nahiak trukatzeko txokoa izateko jaio da.

Magma horri itxura eta tankera ematekotan dira aurrerantzean, Iruñeari eta euskalgintzari proposamen oparo eta erakargarria plazaratuz. Euskara bazterretik atera eta erdigunerantz aldatuz.

Bisitatu dezagun, beraz, ezagutarazi eta gozatu harensorkariez.

Euskaraz baikara.