Azken aldian, sare sozialetan harreman heteronormatiboetan askotan gertatzen den adin tartearen inguruko eztabaida piztu da. Adin tarte hori gizon helduen eta neska nerabeen artean gertatzen da gehien bat eta Sakana ez da patroi horretatik at geratzen. Horregatik, guk harreman sexu afektiboen adin desberdintasunari ikuspegi feministatik heldu nahi diogu.
Maitasun erromantikoa indarkeria matxistaren legitimazio esparru gisa aztertu behar da, heteronormatibitatea genero rolen naturalizazio esparru gisa eta, bide batez, indarkeria matxisten egiturazko kausak eta gure aurkako indarkeriaren legitimazio egiturak indargabetu behar ditugu.
Harreman heterosexualetan adin desberdintasuna dagoenean, botere harreman gehiago dagoela pentsatzeko arrazoiak ditugu, neska* gazteok baikara harreman heteronormatiboetan indarkeria gehien jasaten dugunok. Sistema heteropatriarkal kapitalista sostengatzeko beharrezkoak dira familia eredu nuklear, tradizional, heterosexual eta monogamoak, beraz, sistemarentzat maitasun erromantikoa ikaragarrizko tresna eraginkorra da indarkeria hori sostengatzeko. Feminismotik, pertsona politikoa den heinean, harreman pertsonalak politizatu behar dira eta, beraz, maitasuna bera ere bai.
Hortaz, maitasuna eta bikote eredu normatiboak birdefinitu behar ditugu, balio sistemak eta gure
desirak berreraiki eta "normala " zaiguna zalantzan jarri behar dugu. Feminismotik aukera sexu
afektibo guztiak posible izan daitezen borrokatzen dugu, gure erabakiak, harremanak eta gorputzak askeak izan daitezen.
Autodefentsa feministaz heteroarauarekin apurtu! Maitasun erromantikoen aurrean, maita kolektibizatu!