Klima aldaketara egokitzeko neurriak aztertzen

Guaixe 2022ko ots. 9a, 12:58

Klima aldaketari aurre egiteko udal ordezkarien lan saioa. SGA

Sakanako hamabost udalerriek klima aldaketaren eraginak murrizteko arintze neurriak, klima aldaketara egokitzeko neurriak eta energia pobrezia landu zituzten tailer batean. 

Nafarroako Gobernuak LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren bidez Klima Aldaketaren aurrean herrialdearen erresilientzia handitu nahi du. Horretarako, sektoreen arteko lana, epe luzerako jasangarritasuna, parte hartzea eta sareko lana sustatzen ari da foru administrazioa. Klima Aldaketaren kontrako borrokarako Nafarroako estrategia bat da, beraz, sektoreetan modu koordinatuan aurrera egiteko bidea ematen duena.

Programa horren baitan, herrialdeko makina bat eskualdeetan tailerrak egin dira udal agintariekin. Sakanako udal guztietako ordezkariek klima aldaketari buruzko saio batean parte hartu zuten ilbeltzaren 11n. Alkateen Itunaren eskutik, egindako tailerrean Klimarako eta Energia Iraunkorrerako Tokiko Ekintza Planak egitea aztergai izan zuten. 

Ibarreko udal ordezkariek klima aldaketara egokitzeko neurri gisa honako proposamenak egin zituzten: nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren arloko jarduerak, basozaintza suteen aurreko prebentzio neurri gisa bultzatzea, baso kudeaketa iraunkorra eta ura bereizteko sareak sortzea eta mantentzea. Bestalde, Sakanako udal ordezkariek lehentasuna eman zioten ibarrean klima aldaketa arintzeko neurri zehatzei: garraio publikoaren sarea hobetzea eta, Sakanako orografia kontuan hartuta, mugikortasun alternatiboko sareak sustatzea. Horrekin batera, Sakanako udaletako ordezkariek interesa azaldu zuten energia komunitateen garapenean. Tailerrean, bestalde, azken lau hilabeteetan Nafarroan herritarrekin egin diren eztabaida edo inkesten bidez bildutako neurriak eztabaidatu zituzten udal ordezkariek.

CO2
Klima aldaketari aurre egiteko Alkateen Itunaren baitan, Sakanako udal guztiek CO2 isuriak murriztea helburu duen plangintza landu zuten joan den urtean. Bestalde, energia komunitate potentzialak identifikatu zituzten Sakanako Garapen Agentziaren bidez.