Pilota

Ezkurdiaren eta Tolosaren beste final handi bat

Guaixe 2022ko ots. 4a, 12:00
Ezkurdia-Tolosa eta Laso-Imaz, Labriteko material aukeraketan. BAIKO

Aspeko bikotea Laso eta Imaz irabazi beharrean daude Binakako finalerdietarako play-offetara sailkatzeko aukera izateko, Labriten interes handia piztu duen lehian. Altuna-Martijak eta Elezkano-Zabaletak zortzigarren puntua nahi dute

Aspaldiko Binakako Txapelketa estu eta lehiatuenean gaude. Lau bikote daude sailkapenaren buruan zazpina puntutara berdinduta: Irribarria-Rezusta lider berriak, Laso-Imaz, Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija. Peña II.ak eta Albisuk bost puntu dituzte, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrena II.ak launa puntu, eta Ezkurdia-Tolosak hiru puntu. Beraz, txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, guztia dago erabakitzeko. Bai zuzenera finalerdietara sailkatuko diren lehen bi postuak, eta baita finalerdietako play-offetarako sailkatuko diren lau postuak. Eta bikote guztiek dute aukera bietakoren batean sailkatzeko.

Bizirik eta gogoz
Ezkurdia eta Tolosa pozik daude aurreko asteburuan Peña II.aren eta Albisuren kontra hil ala biziko garaipena lortu eta gero. Seigarren postua garaipen bakarrera dute, eta aurretik beste hiru final dituzte. Lehena larunbatean jokatuko dute, Elezkano eta Zabaleta irabaztetik sailkapenaren goialdean dauden Lasoren eta Imazen kontra. Larunbatean Labriten jokatuko den partidak ikusmin asko piztu du, bi bikoak une oso onean iritsi direlako, Laso eta Imaz bereziki, baina aurreko astean Ezkurdia onenak eta Tolosak erakutsitakoa kontuan hartuta, borroka handia espero da Bomboneran. "Bizirik gaude. Ilusioa piztu zaigu eta aukeraren bat dagoen bitartean borrokatuko gara" egin du abisua aurrelari arbizuarrak.

Altuna eta Martija sasoi betean daude, konfiantzan eta bolada onean. Gaur, ostirala, Urrutikoetxea eta Aranguren izango dituzte aurkari Gernikan. Zortzigarren puntua lortzea da lehengoen erronka, lehen bi postuetako lehian jarraitzeko, eta arnas egiten jarraitzeko bosgarren puntua lortu nahi dute bigarrenek. Altuna eta Martija dira faboritoak, baina puntu preziatua nork lortuko duen ikusteko dago.

Elezkano eta Zabaleta ez daude bere onenean. Txapelketa hasiera bikaina egin eta gero, hiru partida galdu dituzte jarraian, eta baita sailkapeneko lehen postua ere. Nolanahi ere, bolada txarrari buelta emateko konfiantza dute. Astelehenean, Tolosan, Ezkurdiaren eta Tolosaren kontra galtzetik datozen Peña eta Albisu dituzte aurkari, eta lehia estua espero da.

Promozioa
Promozioko Binakakoan, Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik lider jarraitzen dute (9 puntu). Azkeneko jardunaldian Arteaga II.ak Bakaikoa ordezkatu zuen eta 22 eta 16 galdu zuten Victorren eta Gaskueren kontra. Astelehenean, Tolosako jaialdia zabaltzen duen partidan, 5 puntu dituzten Zabala eta O. Etxeberria izanen dituzte aurkari.