Astekoa

Erresonantziak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Grados Muñoa 2022ko ots. 7a, 09:00

Zer da gaur eguna? Esaldi hau bukatzerako azken bederatzi hitzak iraganean gelditu dira. Eta hauek. Eta hori irakurri duen une horretako pertsona. Ni eta baita zu ere. Iraganetik edaten dugu, etengabe. Eta atzoko "ni" horrekin topa egin beharrean edalontzian itotzen gara. Bakoitzak izandako aspaldiko nolakotasunez ari naiz, urteen ostean eta aldaketen poderioz atzean gelditu diren izaerez. Denok izan dugu noiz ala noiz katalogatu gaituen hori; lotsatia, frikia, ahoberoa, harroa… eta behin txartzat esleitu zizkiguten horiek hor geratzen dira, iraganeko inkozientean iltzatuta. Eta gaur egunekoan. Nolakotasun horietatik atera ezin izango bagina bezala. "Betidanik" lotsatia izan den horri lotsagabekeria zer den sentitzeko plazera ukatu bagenio bezala. Aldatzeko, berritzeko eta gainditzeko aukerarik ez bagenu bezala. Urteetan soinean eraman ditugun izaera zehaztuen zamak, gaur egungo inguru ezezagunetan eraiki ditzakegun harremanak erabat baldintzatzen dituzte. Eta guk, ezaugarri berriak garatu beharrean "atzo" izan ginen horri lepoa estu heltzen diogu. Ea behintzat, hainbeste baldintzatu gaituen hori ito eta nahi dugun bezala izateko aukerak aprobetxatzen ditugun; urteroko erresonantzietan emaitza osasuntsu baina berriak topatzeko.