Nafarroako Gobernuak hutsik dauden etxeak alokairurako poltsan sartzeko baldintzak hobetzeko eta errazteko neurri berriak onartu ditu. NASUVINSAk kudeatzen du alokairurako poltsa hau. 2016tik hasita dagoeneko 831 pisu daude aipatutako poltsan.
Berrikuntzetan azpimarratzekoa da NASUVINSA izango dela etxeak poltsan sartzeko behar lituzketen hobekuntzak eta egokitzapenak kudeatuko dituena, baita horretarako egin behar diren tramite administratiboak ere. Esaterako, gremioak antolatuko ditu, iturgintzako ziurtagiriak lortuko ditu, eta gasa eta argindarra instalatzeko eta erabiltzeko baimenak. Hori bai, tramite hauei dagozkien tasak jabearen ardura izango dira.
Bestalde, alokairurako uzten den etxebizitzako komunitateko gastuak (gehienez 50 euro/hilean) NASUVINSAk hartuko ditu bere gain. Honekin batera jabeek 1.500 euroko diru laguntza jasoko lukete eta baita errenta aitorpenean %40ko hobaria, etxebizitza alokatzeagatik jasotzen den diruaren kopuru osotik.
Beste berrikuntzen artean azpimarratzekoa ere, NASUVINSAk ezartzen duen alokatzeko prezioa 2013tik hasita geldirik egon bada ere, orain %11n igo egin dela. Honek esan nahi du oraingoan alokatzeko prezioa metro karratuko 5,5 eurokoa izango dela etxebizitzetan, 65,26 euro/metro karratuko garajeetarako eta 2,17 euro/metro karratuko ganbarengatik.
Alokairuzko kontratua bukatzen denean NASUVINSAko konpromisoa da etxebizitza utzi zen baldintza berdinetan jabeei bueltatzea (erabat margotuta eta enpresa batek garbituta).
Gaur egun alokairuzko poltsan dauden hamar etxebizitzetatik zortzi Iruñerrian daude. Horregatik eta ikusita gure zonaldean etxe dezente daudela hutsik, eta jende asko etxebizitza alokatzeko nahian dabilela, Gizarte Zerbitzuetatik Sakanan dauden etxebizitza hutsen jabeak animatu nahi ditugu, baldintza hauek begiratu eta alokairuzko poltsan sartzeko.
Horretarako NASUVINSArekin harremanetan jarri beharra dago (848 420 600). Bertan konpromisorik gabeko informazioa jaso daiteke.