Gaur pantailatik pixkat aldenduko naiz, liburuetan murgiltzeko, zientzia fikzioan zehazki.
Zientzia fikzioa eta fantasian ikur bat baldin badago, hori da Ursula K. Le Guin. 1929an Berkeleyen jaiotako idazle feminista honek zientzia fikzioa idazteko modua goitik behera aldatu zuen. Kultura neoliberalak zientzia fikzio kontserbadore mota batera ohitu gaitu, oraina etorkizun distopiko batean bakarrik luzatzen duena. Ursula K. Le Guinen zientzia fikzioak, aldiz, beste mundu alternatibo posible batzuk arakatzen ditu, adibidez, Desjabetuak eleberrian. Eleberri honek gaurkotasun handia hartu du egungo kolapso egoera honetan, kapitalismoak gure baliabideen pobreziara eramaten gaituen honetan, beste gizarte mota bat sortzeko aukera badagoela erakusten baitu. Ez dugu zertan Mad Max motako etorkizun batean bukatu, beste gizarte mota bat posiblea dela, elkar zaintzaren mundua, Anarresen mundua. Nahiz eta mundu honetan bizitzea ez den guztiz erraza izango.
Bada Ursula K. Le Guinen liburu bat euskaraz aurkitu dezakeguna, nahiz eta Desjabetuak eleberria euskarara itzultzeko hitza emanda egon. Oihan hitzean mundua da oraingoz euskaraz aurki dezakegun bakarra, Amaia Apalauza Ollok itzulia.
Igela argitaletxean argitaratutako liburua altxor txiki bat da. Athse planetan gertatzen da kolonialismoari buruzko eleberri hau, azalean agertzen den gizaki berdeen herrian. Athshetarrendako "oihan" eta "mundu" sinonimoak dira eta naturari loturik bizi dira. Ez dute indarkeriarik erabiltzen eta ametsen denbora eta mundu denboraren artean bizi dira. Terranoak, aldiz, Lur planetatik datozen kolonoak dira. Tahiti Berria bezala izendatzen dute planeta, eta Lurrean dagoen egur gabeziari erantzunez datoz planeta honetara. Athshetarren mundua suntsitu nahi dute kolonoek: biztanleak esklabo gisa baliatu, egurra lortzeko basoetako zuhaitzak moztu, ekosistema suntsitu.
Kolonialismoaren alegoria da Ursula K. Le Guinek idazten duena eleberri honetan. Pasa den mendean emandako kolonizazio prozesuak nola eman ziren ezagutu dezakegu, jatorrizko biztanleriaren gizatasuna ezabatuz, animalia moduan tratatuz, beren ingurua suntsituz edo kolonoen jarrera inposatuz. Baina badu gaurkotasunarekin zerikusia ere, gure planetarekiko dugun jarreraren kritika gogorra du atzean ere. Gure planetaren suntsiketa gertatu ez dadin, gizakion eta naturaren arteko harremana aldatu behar dugula argi agertzen baita eleberrian. Zientzia fikzioaz asko ikasi daitekeela argi geratzen da Ursula K. Le Guinen edozein liburutan.