Makilen erritmora, kantari

Guaixe 2022ko ots. 4a, 12:57
Irintarrak Santa Ageda koplak kantatzen. ARTXIBOA

Santa Ageda bezpera izanda, hainbat herrietan koplak kantatzera aterako dira gaur arratsalde iluntzean.

Kantu eskeko ohitura berrituko dute Sakanako hainbat herritan gaur, Santa Ageda bezperan. Baserritarrez jantzi eta makila aldean dutela, hura lurraren kontra joz erritmoa markatu eta kantari ibiliko dira. Irurtzunen, 18:00etan, plazan jarri du hitzordua Aizpea euskara taldeak Santa Ageda koplak kantatzeko. Irañetan 18:30ean da hitzordua elkartearen parean. Handik herrian barnako kalejira abiatuko dute. Kopla kantari herria zeharkatu ondoren, despeditzeko, elkartean abeslari guztiendako txistorra eta urdaia izanen dira. 

Lakuntzan plazan elkartuko dira, 17:00etan. Pandemia dela eta, aurrekoetan ez bezala ariko dira aurten. Ez dira etxez etxe kantuan ibiliko. Horren ordez, herriko puntu jakin batzuetara joanen dira, han abesteko. Ondoren, abeslari guztien gozagarri, txokolate jana izanen da. Eguraldiak laguntzen badu plazan banatuko da, bestela, kultur etxean. Lizarragabengoan Santa Agedaren omenezko koplak abesteko hitzordua 20:00etan jarri dute. Iturmendin Santa Agedari kantatu nahi diotenek plazan dute hitzordua. Lehenik, 18:30ean, eztarriak berotzeko txokolate jana izanen da eta, ondoren, kalez kale kopla kantari ariko dira haur, gazte eta heldu. 

Altsasun bi elkarteetako kideak ariko dira gaur kopla kantari. Bi elkarteetako kideek atzo egin zituzten azken entseguak. Lagun Onak elkartekoak haien egoitzatik abiatuko dira 19:00etan. Eta Kukuerreka kantu poteo taldeak, berriz, Baratzebide plaza izanen dute kantu errondaren abiapuntua, 19:00etan ere.