Salto arnasgunera, salto euskarara

Guaixe 2022ko ots. 9a, 08:50

Aurreko Salto udaleku bateko parte hartzaileak. UEMA

Udalerri euskaldunetako 14-18 urte arteko gazteendako udalekuetan izena emateko epea martxoaren 31ra arte dago zabalik. Udaleku ibiltaria garagarrilaren 27tik garilaren 3ra izanen da. Tolosa eta Etxarri Aranaztik zutabe bana abiatuko dira, biak Leitzan elkartzeko.

Bosgarren urtez Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere kide diren herrietako gazteei zuzendutako Salto! gazte topaketak antolatu ditu. Aisialdiko jarduera horrekin UEMAren helburua da udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako pausoa eman nahi da”.

Joan den urtean gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk, eta aurten ehun parte hartzaile izanen dira. Garagarrilaren 27tik garilaren 3ra izanen da udaleku ibiltaria. Tolosa eta Etxarri Aranatz izanen dira abiapuntuak eta bakoitzean 50 parte hartzaile izanen dira. Lau eguneko zeharkaldiaren ondoren bi zutabeak Leitzan elkartuko dira eta han udalekuko azken hiru egunak emanen dituzte. 

Izen ematea
Arbizu eta Etxarri Aranatz UEMAko kide dira eta, beraz, bertako gazteek eman dezakete izena udalekuan. Zehazki, 2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoak. Izena emateko hiru modu daude: www.uema.eus webgunearen bidez, 943 816 699 telefonora hots egin edo hezkuntza@uema.eus e-posta helbidera datuak bidali beharko dira. Honako datuak eman behar dira: izen-abizenak, helbidea, herria, jaioteguna, harremanetarako telefonoa eta e-posta helbidea. Udalekuak 95 euro balio du.

Ibilbidea 
Tolosa-Alkiza, Alkiza-Leaburu, Leaburu-Berastegi eta Berastegi-Leitza. 
Etxarri Aranatz-Larraun, Larraun-Larraun, Larraun-Basaburua, Basaburua-Leitza. 
 
Lan eskaintza 
Udalekurako begiraleak eta sukaldariak ere behar dira, eta horiek hautatzeko prozedura ere abiarazi du UEMAk. Interesa dutenek beraien curriculuma martxoaren 4a baino lehen bidali beharko dute arnasgunea@uema.eus e-posta helbidera. Apirilaren 15erako jakinaraziko zaie erabakia hautatuei.